Urola Kosta eskualdean abian dagoen Mintzalagun programak urtero egiten du jendaurreko ekitaldi bat ikasturtearen bukaeran. Aurtengoa Orioko kultur etxean izango da ekainaren 16an, ostegunarekin, 19:00etan hasita. Ekitaldian eskualde osoko mintzalagunek parte hartuko dute, baina irekia da hurreratu nahi duten guztientzat.
Iñaki Carretero oriotarra
Lehenbiziko aldia denez ekitaldia Orion antolatzen dela, Udal Elkarteak eta AEK-k oriotar bat gonbidatu dute ekitaldirako: Iñaki Carretero ipuin-kontalaria. Iñaki Carretero Araban bizi da aspaldian, baina oriotarra da berez. Ibilbide luzea egin du ipuin-kontalari gisa eta ezin konta ahala emanaldi egin ditu Euskal Herri osoan eta atzerrian; hala ere, hau izango da Orion ipuin-kontaketa saioa egiten duen lehenbiziko aldia.
‘Euskaldun gazte baten istorioak’ du izena saioak eta publiko helduarentzat pentsatuta dago.
Saioaren ondoren, mokadutxo bat egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Karteleko argazkia Karkara aldizkariak egindakoa da.