Jende-kate erraldoia egingo da Orion martxoaren 8an, berdintasunaren aldeko mezua zabaltzeko

Ekitaldiaren aurkezpena egin zuten ostiral eguerdian udalbatzarraren aretoan.

Orioko eskolako eta ikastolako haur eta gaztetxoek (LH1etik DBH4ra bitartekoek) jende-katea osatuko dute martxoaren 8ko goizean Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetan barrena. Goizeko 11:00etan osatuko da jende-katea eta, ondoren, emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko agiri bat irakurriko da kultur etxeko atetik. Segidan, eta ekitaldiari bukaera emateko, gaiari buruzko bertso batzuk kantatuko ditu Errikotxia bertsozaleen elkarteko Rosi Lazkanok.

Hamar ikasmailetako ikasle guztiek parte hartuko dute; guztira, 720 haur eta gaztetxo izango dira kalean, eskutik helduta, beren irakasleekin. Ekitaldian Orioko Xaltxerak emakume-taldeak ere parte hartuko du, agiriaren irakurketan.

Jende-katearen ibilbidea hau izango da:

  • Kultur etxetik hasi eta Eusko Gudari kalean gora, Bikamiota arte (LH1etik LH3ra).
  • Arrantzale kalea, Bikamiotatik Arkaitz tabernara (LH4tik DBH1era).
  • Abeslari kalea (DBH2).
  • Eusko Gudari kalea kultur etxeraino (DBH3tik DBH4ra).

Eskualde osoan egingo da ekitaldia

Zarauzko Berritzeguneak bultzatuta, Urola Kosta eskualdeko ikastetxeek eta udalek elkarrekin antolatu dute ekitaldia eta antzera egingo da Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orion. Iaz Zarautzen eta Zumaian egin zen jende-katea eta, harrera ona izan zuenez, aurten eskualde osoan egingo da.

Ekimenaren helburu nagusia parekidetasunaren aldeko mezua zabaltzea da. Gaur egun asko aurreratu da gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasunaren ikuspuntutik; baina oraindik bide luzea geratzen da egiteko eta, bide horretan aurrerapausoak emateko, ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta kalera ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea. Horretan lagundu nahi dute ekitaldi hau elkarrekin antolatu duten talde eta erakundeok.

Gaia eskoletan landu

Egun bakarreko ekimena izan ez dadin, Orioko bi ikastetxeetako haurrek berdintasunaren gaia landu dute gelan egun hauetan eta, besteak beste, DINA4 tamainako kartelak egin dituzte berdintasunaren aldeko mezuekin. Egun hauetan kartel horiek herriko denda eta tabernetan banatzen ari dira, jendearen bistan jartzea eskatuz. Ikasle bakoitzak, gainera, beste karteltxo bat eramango du etxera, han ere bistan jartzeko, atean, leihoan, balkoian…

(KARKARA aldizkariak utzitako argazkia)