Julen Arexolaleibak hitzaldia emango du ostegunean euskalgintzaren etorkizuneko erronkei buruz

Udaleko Euskara batzordeak beste hitzaldi bat antolatu du ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan. Oraingo honetan Julen Arexolaleiba soziolinguistak hitz egingo du eta gaia honako hau izango da: ‘Euskalgintza aurrera begira’.

Hitzaldia Salatxo aretoan izango da, 19:00etan hasita.

Nahiko ideia zabaldua da euskalgintza (ere) aldaketa-aro batean sartuta dagoela eta gaur egungo euskalgintzako eragileek pentsatu behar dituztela datozen 20-30 urteotako estrategiak eta lan-ildoak. Kike Amonarrizek joan den hilean Orion emandako hitzaldian adierazi zuen bezala, euskararen egoera asko aldatu da azken urteotan. Egoera berri horretan nola jokatu behar dute euskaldunek? Zein bide hartu? Zein dira lehentasunak? Galdera horiei erantzuten saiatuko da Julen Arexolaleiba.

Julen Arexolaleiba

Julen Arexolaleiba arrasatearra soziolinguistikan aditua da eta eskarmentu luzea du euskalgintzan: bera izan zen Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko lehen liberatua, EMUN kooperatibaren sortzaile eta lehen presidentea, Adorez eta Atseginez mintegiaren zuzendaria eta euskalgintzako ezin konta ahala saltsatan sartua egon da eta dago.