Orioko udalbatzarrak, 2013ko otsailaren 5ean egindako bilkuran, aho batez onartu zituen aurrerantzean Udalak egingo dituen lizitazio publikoetan ezarriko dituen hizkuntza baldintzak.
Udalak hainbat hizkuntza baldintza ezarriko ditu egiten dituen kontratazio mota guztietan: kontratu irekietan, prozedura negoziatuetan, kontratu txikietan, obra kontratuetan, herri-lanen kontzesioetan, zerbitzu-kontratuetan, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetan, hornidura kontratuetan? Kontratazio horiek adjudikatzeko egiten diren lehiaketa guztietan finkatuko da zein diren bete beharreko baldintzak, hizkuntzen ezagutzari eta erabilerari dagokienez.
Udalak, hizkuntza baldintza horiek ezartzeko, kontuan izan ditu, batetik, indarrean dauden lege eta erabakiak, eta, bestetik, Udalak berak onartuta dauzkan arauak (bereziki, Euskararen Erabilera Normalizatzeko udal ordenantza eta Hizkuntza Politikaren dekalogoa).
Orokorrean, ezarritako irizpide nagusia hau da: Udalak kontratatzen dituen obra eta zerbitzuetako adjudikaziodunek Udalak berak bete behar lituzkeen hizkuntza baldintzak bete beharko dituzte, betiere herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz. Adjudikaziodunek, beraz, gai izan beharko dute, besteak beste, zerbitzua euskaraz emateko, euskarazko paisaje linguistikoa zaintzeko eta Udalarekiko harremanetan euskara erabiltzeko.
Arnas handiko ekimena
Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du eta, Orion ez ezik, Gipuzkoako 40 inguru udaletan jarri da martxan. Helburu nagusia administrazioari zerbitzuak ematen dizkioten enpresa eta entitateetan eragitea da, euskararen erabilera areagotzeko.