Korrikan parte hartzeko petoak salgai jarriko dira plazan igande eguerdian

Korrika batzordeko kideek mahaia jarriko dute plazan igande eguerdian, 12:00etatik aurrera, Korrikarako peto zuriak saltzeko.

Petoak 5 eurotan jarriko dira salgai eta ateratzen den dirua AEKrentzat izango da.

Larunbatean bazkaria, bertsoak eta Korrika gaua

Korrika herritik pasatzeko bezperan, larunbatean, Orioko euskaltzaleen bazkaria izango da Satxota sagardotegian. Parte hartzeko interesa duenak aldez aurretik hartu behar du txartela Kolon Txiki tabernan edo kultur etxean. Lehenbailehen egitea komeni, ostiralean erretiratuko dira-eta. Txartelaren prezioa 28 eurokoa da. Jateko, sagardotegiko menua izango da.

Bazkariaren bukaeran hasiko da Satxotan bertan Orioko bertsolarien taldekako 4. txapelketa, Errikotxia taldeak antolatuta. Orioko bertsolari-taldeek elkarren kontra lehiatuko dira hiru saiotan: lehena, Satxotan, bazkalondoan; eta beste biak, iluntzean eta gauean, herriko tabernetan. Guztira, 12 bertsolarik parte hartuko dute.

Ondoren, Korrika gaua izango da Orion. Korrika batzordeak herriko tabernariei eskatu die gau horretan nagusiki euskal musika jartzeko.