Kultur Aniztasunaren jaia ospatuko da larunbatean Herriko Plazan

Larunbatean, ekainak 14, Kultur Aniztasunaren Jaiaren 6. edizioa ospatuko da Herriko Plazan.

Egun osoko jaia izango da, goizean hasi eta gaua arte. 13 gune jarriko dira plazaren bueltan, bakoitza herrialde baten erakusgarri. Guneak herrialde horietako kulturaren eta gastronomiaren erakusgarri izango dira. Gune bakoitzaren gestioa Orion bizi diren jatorri askotako herritarren esku izango da.

Jaia Udaleko Euskara batzordeak antolatzen du, honako helburuarekin: Orion gaur egun elkarrekin bizi diren lagunen kulturak ezagutzera ematea, elkarren arteko loturak indartzea eta aniztasun berri horren ospakizuna egitea, jai giroan.

Inoiz baino gune gehiago

Aurten jarriko diren guneak hauek dira: Maroko, Brasil-Bahia, Portugal, Nikaragua, Txile, Sahara, Brasil, Senegal, Honduras, Ekuador, Arjelia, Mexiko eta Argentina.

Udalak 200 euro ematen dizkio gune bakoitzeko arduradunari, behar duten jeneroa erosten laguntzeko eta guneetako arduradunek konpromisoa hartzen dute bertan saltzen dituzten razioak-eta prezio egoki batean eskaintzeko (gehienez 2,5 euro razioko).

Programa zabala

Jaia eguerdian hasiko da haurren dantzekin eta zumba saioarekin. Ondoren, jaiaren manifestua irakurriko dute oholtzan eta Errikotxiako bertsolarien txanda izango da.

Arratsaldeko saioa 17:00etan hasiko da Nikaraguako dantzari eta kantariekin eta, segidan, munduko dantzen ikuskizuna aurkeztuko du Ouarda Mallalek. Gero, Iparraldeko Kirkintxo taldearen txanda izango da. Aurrena berek bakarrik joko dute eta, ondoren, Orioko bi musikarik lagunduta.

Festa bukatzeko, Bartzelonatik etorritako DJ bat arituko da musika jartzen, 22:00etan hasita: Cristian DJ.

Aurrekontua

Jaiaren aurrekontua 6.850 eurokoa da. Horren parterik handiena guneetako arduradunei ematen zaien 200 euroko diru-kopurua da (13 gune x 200 euro = 2.600 euro)

Horrez gain, oholtza gaineko ikuskizunetarako 2.280 euroko gastua dago aurreikusita.

Gainerako gastuak azpiegiturari dagozkionak dira: elektrizista, soinu-teknikaria, jela eta bestelakoak.