Kultur-mahaiak berraktibatzeko bilera irekia egingo dute martxoaren 16an

Orioko Udalak 2013tik bildu ez den Kultur Mahaia berraktibatu nahi du, eta horretarako, Kultura sailak bilera irekia deitu du martxoaren 16an, asteazkenarekin. 19:30ean hasiko da saioa kultur etxean, eta herriko kultur talde eta eragileei luzatu diete bertan parte hartzeko gonbita.

Ondorengo hauek dira bileraren helburuak:

  • Herriko kultur mugimendua aztertzea, kultur jardueraren eta kontsumoaren joerak behatzea eta honen bertuteak eta hutsuneak atzematea.
  • Herriko kultur talde eta eragileen arteko harremanak indartzea.
  • Sinergiak aprobetxatzea eta ahaleginak bateratzea.
  • Kultur talde eta eragileen arteko koordinazioa hobetzea.
  • Udalaren eta kultur taldeen arteko harremana eta komunikazioa sustatzea.