Kultura Batzordeak urte berri ona eta zorionik beteena opa dio Orioko herriari

Gabon jaiak pasa berri diren honetan, Lourdes Salsamendi kultura batzordeburuak esker oneko ohar hau argitaratu du:

Musika Eskolak eta Salatxo abesbatzak emandako saio zoragarri batekin hasi genituen Gabonetako oporrak. Mila esker Unai apaizari Hallelujah zoragarri horren parte izateagatik.

Eskerrik asko, baita ere, Harribil dantza-taldeak antolatutako Herribil emanaldian parte hartu zutenei ere: lan bikaina egin zenuten, herritarrok gozatu genuena.

Orioko Herri Ikastola eta Zaraguetako ikasle, irakasle eta gurasoek, berriz, Gabon eguneko goiza alaitu zuten kalez kale, urtero bezala, eta merezi dute gure aipamena eta esker ona.

Zer esanik ez Lera taldeak ere, Mari Domingi eta Olentzeroren festa herrira ekartzeagatik: txalo bero bat zuentzat eta beste bat Arkupe elkartearentzat, arratsalde hotza txokolatearekin berotzeagatik.

Talai Mendi elkarteari ere txalo bero-bero bat eta eskerrik asko, heldu eta txikiengan ilusioa  sortzeagatik.

Udaltzainei ere eskerrak, ekitaldi guztietan beren laguntza beharrezkoa izaten delako, eta, baita ere brigadari, bulego teknikoari, kultur etxeko arduradunari, euskara eta kultura teknikariei eta, bide batez, Udaleko langile guztiei ere, bakoitzak bere arloan, nahiz nabarmendu ez, parte hartzen dutelako ekitaldi hauek guztiak aurrera ateratzeko.

Ez genuke nahi inor kanpoan utzi eta, horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Orioko talde eta eragile guztiei eta boluntario guztiei, denon artean egun berezi hauek bakean eta giro ederrean ospa ditzagun egin duten lanagatik. Ekitaldi horien atzean lan asko dago eta, lan horren atzean, oriotarrak zaudete, zuen laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia aurrera eramatea eta, horregatik, gure txalorik beroena zuek guztiontzat.

Urte berri ona opa dizuegu denoi. Seguru gaude 2017an ere guztion laguntzarekin kultur agenda erakargarri bat lortuko dugula, oriotar guztiok parte hartzeko modukoa.

Eta, beti bezala, saiatuko gara hobetu beharrekoak hobetzen.