Lau kontzertu izango dira abuztuan ‘Ziaboga’ musika-zikloaren barruan

Broken Brothers brass band, Paul San Martin & Denis Agenet, Sambastian eta Korrontzi musika-taldeak izango dira Orion, ‘Ziaboga’ izeneko musika-zikloaren barruan.

Orioko Udalak eta Enbor Akzio Kulturalak Ziaboga musika-zikloa aurkeztu dute gaur Orioko Antilla hondartzan.

Abuztuaren 11n hondartzan bertan egingo dutenaren aurrerapena eskaini du Sambastian taldeko brasildar musikari batek gaurko aurkezpenean. Prentsaurrekoan bertan parte hartu dute Anuska Esnalek, Orioko alkateak, Xabier Ibargurenek, Orioko Udaleko Kultura zinegotziak, Jose Javier Gomez de Segura zinegotziak eta Mikel Makalak, Enbor Akzio Kulturaleko ekoizleak.

“Abuztuaren 2, 11, 16 eta 25, gorriz markatu beharreko egunak izango dira Orioko eta inguruko musikazale guztiontzat. Aurrenekoz, Ziaboga musika-zikloak hartuko du-eta Orio” adierazi du Xabier Ibarguren Orioko Kultura zinegotziak. “Ohiko eszenatokietatik kanpo, udan musika kalera eta txoko berriagoetara atera nahi izan dugu; horregatik hondartzan eta herriko plazan izango ditugu zuzenekoak”.

  • Jazz eta swing estiloko musikarekin, Broken Brothers Brass Bandek irekiko du zikloa plazan abuztuaren 2an.
  • Abuztuaren 11n, berriz, hondartzan izango da kontzertua eta Sambastian brasildar doinuek girotuko dute iluntzea.
  • Abuztuaren 16an berriz, Paul San Martin & Denis Ageneten bluess musikak izango dira entzungai Herriko Plazan.
  • Euskal musikarekin itxiko da aurtengo musika-zikloa. Korrontzi musika talde ezagunaren emanaldia abuztuaren 25ean izango da Herriko Plazan.

Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean izango dira.

Ekitaldiz beteta dator abuztua

“Ekitaldiz beteta dator abuztua. Ziaboga musika-zikloaz gain, Euskal Herrian horren entzutetsu bihurtu den Gure Zirkua ere izango da Orion abuztuaren 1etik 18ra.” Sarrerak dagoeneko salgai daude www.gurezirkua.eus eta www.ticketea.com webguneetan eta interesa izanez gero, asti ibili, lehen astekoak dagoeneko ahitu dira-eta.

Zineak ere bere lekua izango du eta hiru film proiektatuko dira kalean, hondartzan zein ikastola aurrean. Udako ekitaldi guztietara animatzeko eta bertaratzeko gonbita eginez amaitu du prentsaurrekoa Kultura zinegotziak.

ZIABOGA MUSIKA-ZIKLOAREN PROGRAMA

Abuztuak 2, ostirala / 19:30
BROKEN BROTHER BRASS BAND (Iruñea)

2006an Iruñean sortutako Broken Brothers Brass Bandek atzoko eta gaurko New Orleanseko taldeen kale-soinua dakarkigu (Hot 8 Brass Band, TBC Brass Band, Stooges Brass Band, Rebirth Marching Band). Bandaren errepertorioan jazz garaikidea (Robert Glasper, Kamasi Washington), groove dantzagarriak, taldeko inprobisazioa eta rapa sartzen dira.

Ikusi bideo bat hemen: https://youtu.be/ngFfAPPBJI0

Info +: http://www.hotsak.com/artistas/broken-brothers-brass-band

Abuztuak 11, igandea / 19:30
SAMBASTIAN (Brasil)

Brasildar kultura bete-betean barneratuko ditu entzuleak samba doinuen bidez. Brasildar musikaren ezinbesteko osagaiak diren dantza, samba eta perkusioak ez dute hutsik egingo. Euskal musikari eta musikari brasildarren arteko topagunea da Sambastian musika-taldea. Samba doinua jotzeko nahiak erakarrita, Daniel Bordonabak (panderoa), Henrique Barrosek (cavaquinho eta ahotsa), Hugo Silveirak (gitarra eta ahotsa) eta Juan Luis Anulak (perkusioa) osatzen dute taldea.

Ikusi bideo bat hemen: https://youtu.be/w0qJZbDb65o

Info +: http://musicabrasil.es/project/sambastian

Abuztuak 16, ostirala / 19:30
PAUL SAN MARTIN & DENIS AGENET (EH-Frantzia)

15 urtez geroztik musikagintzan aritua, gaur egun Blues estiloko piano-jotzaile entzutetsua da Paul San Martin. Stride eta Boogie Woogie estiloko doinuek erakarrita, 2011n Gaztelupeko Hotsaken zigilupean, “Tracks” izeneko lana argitaratu zuen. Stay Blues izeneko taldearekin, hamaika Blues jaialditan aritutakoa da, horien artean, Donostiako Jazzaldian hainbatetan hartu du parte. Izen handiko artistekin kolaborazioak egina da eta Ziaboga musika zikloan, Denis Agenet bateria-jotzaile frantsesarekin hartuko du parte.

Ikusi bideo bat hemen: https://youtu.be/LkJujcS2lFI

Info +: http://paulsanmartin.com

Abuztuak 25, igandea / 19:30
KORRONTZI (Euskal Herria)

Korrontzi (Euskal Herria, 2004) folk musika taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen. Bere helburua, banda osatzean, euskal musika herrikoiari zein bere lurraldeko antzinako hots tradizionalei beste ikuspuntu moderno eta garaikideago bat ematea zen, betiere trikiti-musikan oinarritutako ikuspuntu batetik, horrekin batera txalaparta edo alboka bezalako beste instrumentu tradizional batzuk ardatz hartuta eta bere lehen maisuak, Rufino Arrola trikitilariak (1909 – 1996), helarazi zion tradizio guztiarekiko erabateko errespetua inoiz ahaztu gabe. Sonoritate berri hau lortzeko, musika estilo modernoagoez inguratu eta, besteak beste, mandolina, baxu elektriko, kontrabaxu edo perkusioen laguntza izan zuen.

Laburbilduz, Korrontzi inor axolagabe uzten ez duen euskal musika talde bat da, kultura oso bateko erakusleiho bat, beren zuzenekoen indarra eta energiarekin antzinateko soinuak eta dantzak edo folkaren joera berriak transmititzen dituena. Korrontzi euskal musika eta dantza tradizionalaren jai bat da, abangoardiako ikuspuntu batekin. Euskal Herriko kolore eta paisaiak.

Ikusi bideo bat hemen: https://www.youtube.com/watch?v=FOpv6jx-MRg

Info +: http://www.korrontzi.net

 ziaboga19