Lourdes Salsamendi zinegotziak San Pedro festetako balorazio positiboa egin du

 

Lourdes Salsamendi, Kultura eta Turismo batzordeburuak, honako testua argitaratu du San Pedro festen balorazio gisa:

Berriz ere eskerrak ematera nator herritarrei. Nahiz eta eguraldia gure alde ez eduki, lortu dugu oriotarrek bat egitea ondo pasatzeko.

Txupinazo egunean berriro ikusi ditugu gure herrian ditugun taldeak, Harribil, Salatxo, Musika Eskola, Egunsenti otxotea, buruhandiak eta erraldoiak; hauek, gainera, egunero atera dira. Eskerrik asko denoi zuen lanagatik.

Meza nagusian ondo ikusi genuen gure herriko hiru abesbatzek, Salatxo, otxotea eta Elizako abesbatzak bat eginik eta elkar lanean nola lortu zuten bertan izan ginen oriotarrek euskal Mezarekin gozatzea; beraz, gure zorion beroenak hiru abesbatzei.

Zaraguetako guraso elkarteari gure txalo beroena ere bai, futbol txapelketaren antolakuntzagatik; gustuko ekintza izan da oriotar askoren artean.

Luis Azkueri ere gure eskerrak, urtero-urtero mimo handiarekin antolatzen duelako hilketa gabeko arrantza, eta horrela ikusten dugu nahiz eta aurten eguraldi txarra egin, umeak eta helduak gustura hurbiltzen direla moilara parte hartzera. Benetan pozgarria!

Txalo beroena aurten Euskal Jai eguna antolatu duen taldeari, benetako lan bikaina egin duzuelako eta zuen lanarekin erakutsi diguzuelako oriotarrek bat egitea ez dela hain zaila helburua oriotar guztientzat bada. Beraz, benetan gure zorion beroenak eta txalo haundi bat bertan parte hartu duzuen guzti-guztiei.

Marmitakoa prestatu zuen taldeari ere eskerrik asko, eskatzen zaizuen bakoitzean beti prest egoten zaretelako eta txalotzekoa da benetan zuen lana eta borondate ona. Herri bazkariko muntaia lanetan eta bazkari orduan hurbildu zineten boluntarioei eta udaleko zinegotziei eta alkateari eskerrak eman nahi dizkiet. Esperientzia eskolako taldekoei ere bai, talo goxoak prestatzeagatik.

Uhaina, Imanol. brigada eta udaltzaingoari eskerrik asko, zuen lana beharrezkoa baita niretzat gauzak ondo ateratzeko, eta ziurtasun osoa ematen didazuelako.

Bukatzeko, oriotar guztiei eskerrak, festak jai giro onean pasa ditugulako. Norbait ahaztu badut, barkatu eta, beti bezala, hobetu beharrekoak hobetuko ditugu.