Mintzalagun programaren ikasturte bukaerako jaia izan zen ostiralean

Joan den ostiralean, ekainak 11, iluntzeko 19:30ean MINTZALAGUN UROLA KOSTAN programaren ikasturte amaierako jaia ospatu zen Zarauzko Gaztelekun.

MINTZALAGUN UROLA KOSTAN

MINTZALAGUN UROLA KOSTAN

2009ko martxoan hasi zen martxan MINTZALAGUN UROLA KOSTAN programa. Helburu garbia du: euskaldun berriak, euskaraz hitz egiteko aukera gutxi duten pertsonak, euskaldun zaharrekin harremanetan jartzea eta astean behin euskaraz aritzeko aukera eskaintzea.

Izena ematen duten pertsonekin taldeak osatzen dira (euskaldun berri eta euskaldun zaharrekin, 3 edo 4 pertsonako taldeak) eta astean behin elkartzen dira, euskaraz hitz egiteko.

Une honetan 17 talde daude eratuta eta, guztira 60 pertsona inguru ari dira parte hartzen. Programa Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian ari da bideratzen. Orion bi talde daude, bertako euskaldun zahar eta euskaldun berriz osatuak.

Ikasturtearen balorazio oso ona egin dute jarraipen batzordeak eta parte hartzaileek eta, udako etenaren ostean, berriz ekingo diote programari.

IKASTURTE AMAIERAKO JAIA ETA OMENALDIA EUSKALDUN ZAHARREI

Joan den ostiraleko ikasturte amaierako jaia programan parte hartzen ari diren euskaldun zaharrei omenalditxo bat egin eta eskerrak emateko baliatu zuten antolatzaileek eta euskaldun berriek.

Lehendabizi, Udal Elkartearen eta udalen izenean, Imanol Lasa Zarauzko euskara zinegotziak eskerrak eman zizkien parte hartzaile guztiei eta adierazi zuen ekimenaren arrakasta mintzalagunei zor zaiela. Adierazi zuen udalak gustura daudela ekimenaren emaitza eta arrakasta ikusita eta beharrezkoa dela euskaraz hitz egiteko aukera gutxi duten pertsonei horretarako bide ematea.

Amaia Olazabal Urola Kostako AEKko kide eta programaren dinamizatzaileak adierazi zuen hainbat urtez ahaleginean aritu ondoren duela urtebete jarri zela martxan mintzalaguna programa gure eskualdean eta ibilbide polita eta arrakastatsua egin duela.

Jarraian, programan parte hartzen ari diren mintzalagun batzuek omenalditxoa egin zieten euskaldun zaharrei eta sari bana eman zieten (Lizardi literatur lehiaketako idazlan sarituen bilduma). Hiru mintzalagun euskaldunberrik hitza hartu eta beren esperientzia kontatu zuten eta bihotzez eta biziki eskertu zieten euskaldun zaharrei beren ahalegin eta denbora eskaintzea.

Ondoren, ?Hamaika bertute? taldekoek (Ainhoa Agirreazaldegi, Mantxi eta Uxue Alberdik) bertso-saioa egin zuten.