Mugikortasunarekin lotutako bigarren eskuko gauzen azoka antolatu du Herrio taldeak irailaren 19an, larunbatarekin

Irailaren 15etik 22ra ospatuko da Mugikortasun Iraunkorraren Europar astea, eta, horren barruan, Herrio natur taldeak eta Orioko Udalak, bigarren eskuko gauzen azoka antolatu dute datorren larunbatean, irailak 19, Herriko Plazan.

Bizikletak, kaskoak, patinak…

 

Azokan salgai jarriko diren gauzak mugikortasunarekin zerikusia dutenak dira: bizikletak, kaskoak, patineteak, patinak, haurrak garraiatzeko motxilak, trizikloak… Norbaitek etxean horrelako materialak baditu eta saldu nahi baditu, plazara eraman behar ditu larunbat goizean, 09:00etatik 10:00etara bitartean, eta adierazi zein preziotan saldu nahi dituen.

Ondoren, Herrioko kideek salduko dituzte material horiek plazan, 10:00etatik 13:00etara. Gero, goizaren bukaeran, saldu ez den materiala jasotzeko tartea izango da, 13:00etatik 14:00etara.

Azoka aukera ederra da etxean hautsa jasotzen ari diren hainbat gauza berrerabiltzeko, eta Udalak animatu egin nahi ditu herritarrak aukera hori aprobetxatzera.