Maiatzaren 26tik 29ra egin dute Pasaian Itsas Festibalaren II. edizioa. Itsas kultura eta ondare-balio ugaritako ordezkarien elkargune bihurtu da Pasaiako portua azken egunetan, eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak postua jarri du han, Mutiozabalen proiektuaren berri emateko. Horri esker, dozenaka lagunek izan dute Mutiozabal-Txoren ontziola ezagutzeko aukera.
Itsas kulturaz, musikaz, gastronomiaz, artisautzaz, tailerrez eta dibulgazio-ekitaldiz gainezka izan da asteburuan Pasaia. Nazioartetik etorritako 160 ontzi bildu ditu topaketak, eta itsas-kultura hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute bertaratu diren ehunka herritarrek.
Hezkuntzari zuzendutako proiektua
Orioko Mutiozabal ontziolak ere tartea izan du egitarauan, eta hezkuntzara bideratutako proiektuaren inguruko azalpenak eman dituzte arduradunek. Izan ere, Orioko Udalak eta Albaolak sinatutako hitzarmenaren bidez, Albaola arduratuko da ontziolaren kudeaketaz datozen lau urteetan. Ekainean, Orioko ikastetxeekin egingo dute proba pilotua eta, datorren ikasturtetik aurrera, eskola guztietara zabalduko da egitasmoa.
Ontzigintzari buruzko unitate didaktikoak landuko dituzte ikastetxeekin, eta ontziolan bertan benetako egurrezko ontzi bat eraikitzeko esperientzian parte hartuko dute ikasleek. Lehenbiziko urtean ala bat eraikiko dute. Alak gure errioetan orain dela gutxi arte erabiltzen ziren ontzi tradizionalak dira, azpi zapalekoak, batez ere garraio-lanetarako baliatzen zirenak.