Jon Gurrtxaga eta Urbil Artola musikariek kontzertua emango dute Orion martxoaren 26an, ostiralarekin, «Kateak» diskoa aurkezteko. Ekitaldia 19:00etan izango da, Arraunetxeko aretoan.
Kontzertua urtarrilaren 29an egitekoa zen, baina bertan behera geratu zen Orioko pandemia-egoerak okerrera egin zuenean, Udalak bere instalazio guztiak ixtea erabaki baitzuen.
Kontzerturako sarrerak aldez aurretik erosi behar dira, 2 euro ordainduta, eta interesatuek oraindik badaukate erosteko aukera kultur etxera joanda.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu du «Kateak» diskoa. Gospela, bluesa, folka eta pop-rockaren eragina modu oso pertsonalean azaleratu du Gurrutxagak lan berrian eta, zuzeneko emanaldietan, Urbil Artolarekin batera ari da jotzen.
Jon Gurrutxaga
Jon Gurrutxaga elgoibartarrak Arima Beltza taldearekin hasi zuen musika-ibilbidea, bateria jotzen eta abesten. Blues&Rock doinuak landu zituzten batez ere. Ondoren, Keu Agirretxearen UEK proiektuan aritu zen, baterian, eta baita Andrakan taldean ere. Jon & Sugramas izeneko proiektuarekin itzuli zen oholtzetara, berak konposatutako kantuekin. «Hitz lauz» izan zen bere izen propioarekin argitaratutako estreinako diskoa, akustikoa eta intimoagoa.
Urbil Artola
Urbil Artola hondarribiarrak, berriz, Sorotan Bele taldearekin hasi zuen musika-ibilbidea. Folka eta doinu erakargarriak uztartuz, arrakasta handia lortu zuen taldeak eta hiru disko kaleratu zituen.
Taldea desegin ondoren, gitarra akustikoa jotzetik dobroa jotzera pasa zen Urbil Artola eta, azken urteotan, Howdy Bluegrass taldeko partaide da eta hainbat bakarlarirekin grabatu eta jo du: Anje Duhalde, Iker Lauroba, Maider Zabalegi…