Larunbat honetan, abenduak 27, jakingo dugu zein den Orioko aurtengo kirolzalea. Ekitaldia kultur etxean izango da, eguerdiko hamabietan hasita (12:00etan), eta irekia da bertaratu nahi duten herritar guztientzat. Festa txiki bat izango da, helburu nagusia herriko kirolariak eta kirolzaleak elkartzea duena. Jon Agirresarobe Torrotxo
oriotarrak gidatuko duen saioan, kirol bakoitzeko ordezkari bat izango da, kirol bakoitzean aukeratua eta izendatua Orioko aurtengo kirolzale izateko.
Zortzi kirolari/kirolzale dira larunbatean kultur etxera bilduko direnak, haien artetik bat aukeratzeko. Futbito edo areto futboletik: Asier De la Hoz; bizikletazaleen aldetik: Manuel Marti; sofboletik: Koro Arratibel; surfetik: Mikel Agote; futboletik: infantil mailako talde osoa; pilotatik: Tiburtxio Etxeberria; arraunetik: Irakoitz Etxeberria; eta atletismotik: Hossain Kaanache. Zortzi kirolzale horiek beraiek erabakiko dute zortzietako zein aukeratu Orioko aurtengo kirolzale.
Aukeraketa egiteko, kirol bakoitzetik erabili dituzten irizpideak azalduko dira larunbateko saioan. Irizpide horien artean kirolean sustatu beharko liratekeen honako balore hauek aipatu dituzte, besteak beste: taldekideei laguntzeko beti prest egotea, harrokeriarik gabe jardutea, kirola dibertsio moduan hartzea, taldelana serio egitea, lanean saiatzea, borondaterik onenarekin eta kexarik gabe lan isilean beti lanerako eta edozertarako prest egotea, adinean aurrera eginagatik jarraitzeeko ilusioa agertzea? Era horretakoak baloratu dituzte orain arte kirol bakoitzean egindako aukeraketan. Horietako zein nagusituko da larunbatean aurtengo kirolzalea aukeratzeko? Larunbatean izango du erantzuna galdera horrek.
Festa horretan diploma bana emango zaie zortzi kirolzaleei eta nabarmendutako kirolak 1.000 euroko saria izango du. Festan kirol bakoitzeko 2008ko irudiak erakutsiko dira pantaila handi batean eta Errikotxia elkarteko bertsozaleek zortzi aukeratutakoei egindako bertso bana ere bai. Festa amaitzeko, aukeratutakoak Sarasua jatetxean elkartuko dira, helburu nagusian aurrera egiteko, alegia herriko kirolzaleen elkarren ezagutzan.