Orioko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren eragin linguistikoa neurtu du

Orioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria ari da lantzen eta, lanketa horren barruan, lehenbiziko aldiz, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egin du, Elhuyar Aholkularitzaren laguntza teknikoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UEMAren babesarekin.

Plan orokor bat onartzen denean, erabaki asko hartzen dira herriaren garapena baldintzatzen dutenak: zenbat etxe berri egingo diren, zein tipologiatakoak, zein auzo berri sortuko diren, nolakoak, kaleak eta espazio libreak nola antolatuko diren… Erabaki horiek ondorioak dituzte alor askotan eta, besteak beste, hizkuntzaren erabileran ere eragiten dute. Ez dago urrutira joan beharrik hori ikusteko, Orion bertan baitaukagu adibide garbia: Orioko azken plan orokorren ondorioz, etxebizitza ugari egin da herrian oso denbora-epe laburrean eta jende berri asko etorri da bertan bizitzera. Horrek herriko euskaldunen portzentajea jaistea ekarri du eta, ondorioz, euskararen kaleko eta etxeko erabilera ere apaldu egin da:

 

2001

Gaur egun

Euskaldunen portzentajea
(euskaldunak + ia euskaldunak / 2)

%86

%82,5 (2011)

Euskararen kaleko erabilera

%74

%63 (2015)

Etxeko hizkuntza euskara dutenak

%60

%52 (2011)

Udalak eutsi egin nahi dio Orioko herriaren izaera euskaldunari eta, hortaz, kezkatuta dago datu horiekin. Horregatik, plan orokor berria egiterakoan, horren Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) ere egitea erabaki zuen.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE): arnasguneak babesteko tresna berria

2014an eta 2015ean Foru Aldundiak eta UEMAk antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien ondoren sortu zuten ELE tresna, ingurumen-eragina neurtzen duen Sin Canter izeneko metodologia eta Galesen erabili izan den galdetegi bat oinarrian hartuta.

Euskararen arnasguneak zaindu eta zabaltzeak berebiziko garrantzia du hizkuntzaren geroa bermatzeko. Adostasun tekniko eta politiko zabala dago baieztapen horren inguruan; baina, praktikan, ez dago garatuta babes hori gauzatzeko behar den tresneria tekniko eta legala. ELE azterketa pauso bat da norabide horretan. Oriokoa izan da tresna hau aplikatu duen Gipuzkoako lehenbiziko Udala; baina ez da azkena izango, dagoeneko beste batzuk erakutsi dute-eta interesa.

Bost eremu aztergai

ELEren bidez, Udalak aztertu du nolako ondorioak izango dituen plan orokorrak euskararen egoeran eta zein neurri zuzentzaile aplikatu, ondorio negatiboen eragina gutxitzeko. Neurri zuzentzaile horietako asko dagoeneko abian ditu Udalak eta denborak esango du eraginkorrak diren eta zenbateraino.

Herriko bost eremutan (Mutiozabal, Palotak, Dike, Pilotalekua eta Aizperro) HAPOak planteatzen dituen garapenak aztertu ditu eta aukera bakoitzak izango lukeen eragin linguistikoa ebaluatu du, eta hiru indize osagarri kalkulatu ere bai: hauskortasuna, planaren eragina eta euskararen ezagutzaren proiekzioa.

Egindako azterketaren arabera, proposatzen diren aktuazioen eragina ‘moderatua edo ertaina’ da, Palotetako inguruan izan ezik. Palota ingurua garatzen bada, etxebizitza berri kopuru handia sortuko da eta horrek eragin ‘larria’ izan dezake hizkuntzan.

Orain Udalak, HAPOak jasoko dituen aktuazioak onartzerakoan, informazio hori ere izango du, kontuan hartzeko.

Erabakiak hartzen laguntzeko tresna

ELEa egin duen lantaldearen ustez, momentu prozesal egokian egin da azterketa, Udalak oraindik erabakiak hartzeko dituenean. HAPOa lantzea beti da zaila, hiri-antolamenduak faktore asko hartu behar dituelako kontuan, eta horregatik da inportantea erabaki zail horiek hartzen laguntzeko tresna egokiak izatea. Lantaldearen ustez, ELEa baliagarria da horretarako eta, tresna berri guztiak bezala, erabili ahala joango da egokitzen eta zorrozten.

ELE azterketa 2015eko abenduan egin du Udalak eta otsailaren hasieran aurkeztu zitzaion Udaleko Hirigintza batzordeari. Aurkezpen horretan parte hartu zuten, batzordea osatzen duten zinegotziez gain, Udaleko teknikariek, Elhuyarren eta Projecta Urbes arkitektura-estudioaren ordezkariek, UEMAko teknikari batek, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari batek eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak.

 

Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE), PDF formatuan


HAPOaren ELEa. ERANSKINAK, PDF formatuan