Orioko Udalak hitzarmena sinatu du Kutxarekin, euskararen erabilera areagotzeko

2010eko apirilaren 29an, Azpeitiko Enparan dorretxean, goizeko 11:00etan hasitako ekitaldian, Urola Kostako udalek eta Gipuzkoa-Donostia Kutxak lankidetza-hitzarmenak sinatu zituzten, euskararen erabilera areagotzeko.

Ekitaldian parte hartu zuten, alde batetik, Gipuzkoa-Donostia Kutxako ordezkariek, beste alde batetik, Urola Kosta eskualdeko udalek (Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia) eta, azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararako Zuzendaritzak.

Eskualdeko beste alkateekin batera, Orioko Udalaren izenean, Jon Redondo alkateak sinatu zuen hitzarmena.

Ekitaldian esandakoak

Ekitaldian hiru erakundetako ordezkarik hartu zuten hitza: Azpeitiko Udalaren izenean Julian Eizmendik (alkateak), Kutxaren izenean Carlos Ruizek (gizarte arloko eta komunikazioko arduradunak) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean Estibalitz Alkortak (euskararako zuzendariak).

Hiru erakundeek azpimarratu zuten hitzarmena urrats garrantzitsua dela euskararen normalizazioan eta konpromiso hustetik harago doala. Izan ere, hitzarmenean adierazitako konpromisoak betetzeko ekintza plan bat prestatu dute (metodologia, prozedura, neurgailu eta adierazleekin)

Hitzarmenaren helburua

Udalak langileen eta herritarren artean euskararen erabilera gehitzeko ahaleginetan ari dira, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) esparruaren barruan.

Bestetik, bestetik, Gipuzkoa-Donostia Kutxak bere aldetik, bezeroei kalitatezko zerbitzua eskaintzea du helburu, eta kalitatearen osagai funtsezkoa da bezeroak harreman-hizkuntza aukeratu ahal izatea.

Udalek eta Gipuzkoa-Donostia Kutxak, hitzarmen honen bidez, orain arteko lankidetza indartu eta sakondu egin nahi dute euskararen erabilera zabaldu eta indartzeko.

Konpromisoak

Elkarren arteko harremanak (Kutxa eta udalen artekoak), ahozkoak eta idatzizkoak, euskaraz izango dira ahal den guztietan. Horretarako, beharrezko diren baliabideak jarriko dituzte.

Bestalde, Kutxak konpromisoa hartzen du Urola Kosta eskualdeko bulegoetan bezeroekin dituen harremanetan euskararen presentzia ugaltzen ahalegin berezia egiteko. Helburu hori betetzeko neurri zehatzak hitzarmenean daude jasota.

Hurrengo urratsak

Lehenengo urratsa orain udalen eta Kutxaren arteko komunikazioen joan-etorria aztertzea izango da (erakunde bakoitzeko zein zerbitzu eta langilek duen harremana beste erakundeko zeinekin eta harreman hori nola eta zein hizkuntzetan burutzen den). Diagnostiko horren haritik, hutsuneak atzeman eta neurriak hartuko dira. Horretarako, udaletako euskara zerbitzuek saio teknikoa egingo dute maiatzaren 5ean, diagnostikoa egiteko aplikazio informatikoa nola erabili ikasteko.

Bestetik, Kutxak bere bulegoetako euskararen erabilera neurtuko du datozen hilabeteotan.

Hitzarmenak beste eskualdeetan

Urola Kostako udalekin hasitako bideak badu aurrekaririk. Izan ere, Kutxak lehendabizi Lasarte-Oriako Udalarekin egin zuen hitzarmena, saio pilotu gisa, diagnostikoa egin eta hitzarmena garatzeko metodologia zehazteko. Horren haritik, Buruntzaldeko udalekin eta Debagoienako udalekin sinatu zuen gero hitzarmena.

Hitzarmena Urola Kosta eskualdeko udalekin sinatu ondoren, Kutxaren nahia da euskararen erabilera areagotzeko lankidetza-hitzarmena sinatzea Gipuzkoako beste udal guztiekin.