Orioko Udalaren hiru ordezkari izan dira gaur, urtarrilak 18, Madrilen urtero egiten den FITUR azokan (Feria Internacional de Turismo), Oriaren itsasadarrak turista eta bisitarientzat eskaintzen dituen aukeren berri ematen.
Bi zinegotzi eta alkatea izan dira Fiturren, Euskadi Basque Country stand-ean, Orioko Udalaren ordezkari: Eugenio Cotado, kirol batzordearen burua; Lourdes Salsamendi, kultura eta turismo batzordearen burua; eta Jose Angel Zaldua, Orioko alkatea.
Traineru jaitsiera, arraunaren eta piraguaren azoka eta Bisiguaren eguna
Errioak ematen dituen aukerak azaltzeaz gain, Udalak aurtengo traineru jaitsiera eta Bisiguaren eguna aurkeztu ditu.
Orioko traineru jaitsierari Neguko Estropada esaten diote klubek. Aurtengoa 24.a izango da eta otsailaren 17an jokatuko da, larunbatarekin, 16:00etan hasita.
Aurten lehenbiziko aldiz, gainera, Neguko Estropada jokatzen den asteburuan arraunaren eta piraguaren azoka egingo da Arraunetxen, nahi duten guztientzat zabalik.
Bisiguaren eguna, bestalde, uztaileko hirugarren asteburuan ospatzen da beti eta aurten 11. edizioa egingo da uztailaren 12tik 15era.
Neguko estropada
Hau da FITURren Neguko Estropada aurkezteko udal ordezkariek zabaldu duten mezua:
Orioko Arraun Elkarte Olinpikoa 1965ean sortu zen, baina 86 urte lehenago hasi ziren oriotarrak estropadetan lehian. Urte horietan guztietan garaipen ugari lortu dituzte: 209 txapelketa, 359 bandera, Espainiako txapelketetako 195 domina… Garaipen horiei eta arraunaren inguruan herrian sortu den filosofiari zor zaio askorentzat Orio “arraunaren sehaska” gisa ezaguna izatea.
Testuinguru horretan kokatu behar dira 1995etik antolatu izan ditugun Neguko Estropadak. Azken urteetan indarra hartzen joan da estropada, eta Euskal Herriko eta Espainiako klub garrantzitsuenek parte hartzen dute (Galiziakoek, Kataluniakoek, Valentziakoek…). 80 traineru eta 1200 arraunlari inguru biltzen ditu ekimenak Orioko Arraunetxearen babespean.