Orioko Udalaren webgunea orio.eus izango da aurrerantzean

Orioko Udalaren webgunea orio.eus da gaur geroztik.

Euskararen egunean Euskal Herriko ia 1.300 webgune .eus domeinua erabiltzera pasa dira eta, horien artean, Orioko Udalaren webgune ofiziala dago, aurrerantzean orio.eus helbidean izango dena.

Domeinu berriari esker euskara eta euskal komunitatea ikusgarriago agertuko dira interneten. Interneteko euskal komunitatea kohesionatzeko sortu da .eus domeinua, eta euskararen normalizazioan laguntzea du helburu. Aldi berean, Interneten euskara beste hizkuntzen mailan kokatuko du domeinu berriak, euskararen herriari nazioarteko aitortza eskainiz. Horregatik erabaki du Orioko Udalak ere orio.eus izatea aurrerantzean.

oriora.com-etik orio.eus-era

Orioko Udalaren kasuan aldaketa ez da bakarrik domeinuaren bukaeran. Lehen oriora.com zena orio.eus bilakatu da orain.

Atzo arte Udalaren webgunea oriora.com helbidean izan da, bere garaian, domeinua erregistratzerakoan, hartuta zeudelako orio.com, orio.net, orio.org eta gainerakoak. Orain, ordea, .eus domeinua berria denez, aukera zegoen oriora izena baztertu eta orio.eus erabiltzeko, eta hori egitea erabaki du Udalak.