Orion ere janaria bilduko da, Moriako errefuxiatuentzat

Zaporeak ekimenak antolatuta, janaria bilduko da ostiralean eta larunbatean, Lesbos uharteko errefuxiatu-eremuan daudenei laguntzeko.

Greziako Lesbos uharteko kanpalekuak su hartu eta gero, Moriako errefuxiatuek nazioarteko laguntza behar dute eta horretan ari da Zaporeak ekimena, hango egoera gordinari «tamainako erantzuna» eman nahian. Horretarako antolatu du janari-bilketa Euskal Herri osoan.

Orion ere egingo da bilketa bi egunetan, Herriko Plazan, boluntario-talde batek antolatuta:

  • Ostiralean, irailak 25, 17:00etatik 19:30era
  • Larunbatean, irailak 26, 10:00etatik 13:00etara

Bereziki elikagai lehorrak eta kontserbak bildu nahi dituzte. Hauek dira jasoko dituzten janariak:

  • Arroz luzea
  • Garbantzuak
  • Dilistak
  • Babarrunak
  • Makarroiak
  • Sardinak eta atuna latatan
  • Oliba-olioa eta espeziak
  • Haurrentzako esne-hautsa
  • Barra energetikoak

Lagundu nahi duenak Orioko Plazara eraman behar ditu elikagaiak. Herriko denda batzuk ere lagundu diote ekimenari eta kartelak jarri dituzte establezimenduan, horren berri emateko eta jendea janari-bilketan parte hartzera animatzeko. Ekimenaren kartela daukaten dendetan ere laga daitezke janariak, plazara joan beharrik gabe.

Zaporeak ekimena

Zaporeak ekimenak denbora darama Lesbos uharteko errefuxiatuei laguntza ematen. Moriako errefuxiatu-eremuan 13.000 pertsona inguru daude, eta hango egoera oso larria dela diote Zaporeak ekimeneko kideek. Egoerari erantzuteko, 4.500 jatordu banatzen dituzte egunero eta horretan jarraitu ahal izateko antolatu dute janari-bilketa.