2015eko uztailaren 11tik 16ra kadete jubenil mailako 600 kirolari inguru izango dira lehian Orion, itsasoari lotutako sei kiroletan: surfa, igeriketa, urpekaritza, piraguismoa, bela eta arrauna.
21. edizioa dute Itsas Jokoek eta bertan hainbat herritako selekzioek hartuko dute parte. Euskal selekzioaz gain, honako herrietakoak lehiatuko dira, besteak beste: Bretainia, Irlanda, Gales, Portugal, Akitania, Pays de la Loire eta Katalunia.
Nazioarteko Batzorde Olinpiarra Orion
Jokoak antolatzeko ardura duen Nazioarteko Batzorde Olinpiarra Orion da ostegunean eta ostiralean, urtarrilak 22 eta 23. Beñat Solaberrieta alkateak eta zinegotziek harrera egin diete udaletxean (ikusi argazkia).
Ekitaldi indartsuak izango dira Orion aurten eta aipagarrienen artean daude Arku Atlantikoko Itsas Jokoak. Gaur Orioko Udaletxean izan da Arku Atlantikoko Itsas Jokoak antolatzeko ardura duen Nazioarteko Batzorde Olinpiarra. Beñat Solaberrieta alkateak egin die harrera, eta zenbait zinegotzi ondoan zituela entzun ditu Francisco Quiroga antolatzailearen hitzak. Batzorde Olinpiarra Orion izango da ostegunean eta ostiralean, azpiegiturak aztertu eta antolaketa lanak aurreratzen.
Francisco Quiroga Nazioarteko Batzorde Olinpiarreko presidenteak xehetasun batzuk aurreratu ditu gaur: Arku Atlantikoko Itsas Jokoak uztailaren 11n hasiko dira Orion, taldeen aurkezpenarekin. Uztailaren 16an amaituko dira; Bisiguaren Festa hasiko den egunean bertan, alegia. Sei kiroletan lehiatuko dira 600 kirolari inguru. Orion jokatuko dira proba guztiak surfa izan ezik. Azken hori Zarautzen izango da.
Euskara aintzat hartzeko eskaera
Beñat Solaberrietak adierazi duenez, elementu interesgarri asko dituzte Arku Atlantikoko Itsas Jokoek: “Euskal selekzioa eta beste hainbat naziotako selekzioak aintzat hartzen dituzte, itsas kirolak sustatzeko helburua dute eta etorkizunean kirolari izango diren neska-mutilekin lan egiten dute”.
Antolatzaileei eskerrak emateaz gain, eskaera bat ere egin die: “Gure selekzioaz gain, gure hizkuntza ere kontuan hartzeko eskatu behar dizuet. Aurkezpenetan, kirolariekin izan beharreko harremanetan… mesedez, ez euskara ahaztu. Gurea da, eta maite dugu, gure kirolak maite ditugun bezala”.
Orioko Udalak ahalegin handia egingo du, jokoak Orion egin daitezen: 12.000 euroko diru laguntza eskainiko du. Horrez gain, azpiegitura asko jarriko ditu antolatzaileen esku. Iaz, uztailean Frantziako Saint Gillen herrian izan ziren Arku Atlantikoko Itsas Jokoak. Ekitaldia ezagutzeko, bertan izan ziren Jon Agirresarobe eta Joxe Anjel Iparragirre Orioko zinegotziak eta Mikel Izquierdo kirol teknikaria.
Nazioarteko Batzar Olinpiarreko kideak maiatzean itzuliko dira Oriora eta orduan jakinaraziko dira ekitaldiaren xehetasun guztiak. Orioko eta Zarauzko Udala lanean ari dira antolatzaileekin, dena ondo lotzeko.
Iazko edizioan Orioko lau kirolari izan ziren Itsas Jokoetan.