Urola Kostako Udal Elkarteak irailaren 7an itxiko du HAZILAN PROIEKTUAren seigarren deialdian izen emateko epea.
Kudeaketa-sistemak ikasteko
Azken urteetan eskualdeko enpresen premia errealak identifikatu ondoren, 6. edizio honetan, kudeaketa-sistemen gaia landuko dute parte-hartzaileek. Izan ere, kudeaketa-sistemek berebiziko garrantzia dute enpresa txiki eta ertainen ekoizpen-prozesuetan eta eskaintzen dituzten zerbitzuetan. Horregatik, lan-munduan murgiltzeko, ezinbestekoa bihurtu da kudeaketa-sistemen gaineko prestakuntza. Edozein sektoreri edota lanposturi eragiten dieten zeharkako edukiak direnez, enpresek geroz eta gehiago baloratzen dute hautagaiek ezagutza horiek barneratuta izatea.
Prestakuntza, bi fasetan
Bi fase nagusi ditu prestakuntzak. Lehendabizi, AKTIBATU deitutako fasean, zeharkako konpetentziak, pertsonalak nahiz profesionalak, landuko dira. Ondoren, TALENTU IHESA deitutako bigarren fasean, kudeaketa-sistemen gaineko eduki eta tresna zehatzak barneratuko dira. Amaieran, eskualdeko enpresa eta elkarteetan landuko garatuko dituzte proiektuak; esperientzian oinarritutako ikaskuntza jaso eta lan-munduan murgiltzeko helburuarekin.
Irailaren 11n hasiko da ikastaroa. 5 hilabeteko iraupena izango du eta 280 orduko prestakuntza jasoko dute parte-hartzaileek.
Prestakuntza-bonoa eskuragarri
Hazilan ekimenaren 6. edizioko partaideek Urola Kostako Udal Elkartearen prestakuntza-bonoa eskuratzeko aukera izango dute. Hau da, ikastaroa amaitu ondoren, ikasleek “bono” bat eskuratuko dute. Eta bonoa duen pertsona langabea kontratatzen duen enpresak diru-laguntza eskuratu ahal izango du.
Honenbestez, 6. edizioko partaideren bat kontratatzeko interesa izanez gero, enpresek aukera izango dute Udal Elkartetik laguntza ekonomikoa jasotzeko. Laguntza hori enpresak eskatu behar du eta hari emango zaio.
Eskura daude Udal Elkartearen webgunean aurtengo laguntza ekonomikoen deialdia, oinarriak eta eskabideak egiteko eredua (http://www.urolakosta.eus/eu/diru-laguntzak). Edozein kasutan, argibide gehiago nahi izanez gero, herritarrek zabalik dituzte Udal Elkartearen ateak.
Izen ematea
Izena emateko bi modu daude: bat, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta. Bestea, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidalita (helbidea hazilan@urolakosta.eus).
Eskaera egiteko orria eskura dago Udal Elkartearen webgunean: www.urolakosta.eus
Argibideak jasotzeko
Urola Kostako Udal Elkartea, Hazilan programa
Vanessa Garcia
943890808
http://www.urolakosta.eus/eu/web/urolakosta-agentzia/hazilan-programa