Salgai dago Haritz Arrizabalaga oriotarraren liburua

Haritz Arrizabalaga oriotarrak liburua kaleratu du: Orioko marearteko flora eta fauna, eta dagoeneko salgai dago, 10 euroko prezioan.

Liburua aspaldi samar idatzi zuen Haritzek, Orioko Udaleko Euskara batzordeak emandako beka bati esker. Garai hartan argitaratu gabe geratu zen, egin behar zen gutxieneko tirada handiegia zelako horren gai zehatzeko liburu baterako. Euskara batzordeak, ordea, ikusita gaur egun posible dela liburu baten tirada txikiak egitea, erabaki du liburu hura apaletatik berreskuratu eta interesa duten guztien eskura jartzea. Beraz, testuari txukundu bat eman, egilearekin batera osatu eta emaitza kalean da dagoeneko.

Liburua formatu txikikoa da, 62 orrialde ditu DINA5 tamainakoak, eta erabilgarri izateko moduan dago diseinatuta. Haritzek Orioko marearteko esparruan ohikoak diren animaliak eta algak deskribatzen ditu, bakoitzaren argazkia ere erantsiz eta, hartara, oso liburuxka didaktikoa lortu du, erraz kontsultatzekoa. Guztira ia 50 espezie deskribatzen ditu, alga, ornogabe eta ornodunen artean.

Liburuaren diseinua Julian Toquero disenatzaile lasartearrak egin du eta, itxura aldetik, oso erakargarria da. Orrialde guztiak kuatrikomian inprimatu dira.

Liburua 10 eurotan salduko da honako lekuetan: Kultur Etxean, Orioko Turismo Bulegoan eta Iturain estankoan.

Haritz Arrizabalaga Itsas Zientziak ikasi zituen Las Palmasen eta gaur egun AZTIn egiten du lan.