Txurrumuski taldeko lagunek jasoko dituzte aurten Erregeen gutunak

Txurrumuski aisialdi-elkarteak ohar bat kaleratu du, haurrei azaltzeko bitartekari-lana egingo duela aurten, Erregeen gutunak jasotzeko. Honela dio Txurrumuskiren oharrak:

Txurrumuski taldeak berri pozgarri bat du Orioko haurrentzat:

Aurtengo egoera arraroa dela eta, Meltxor, Gaspar eta Baltasar gurekin kontaktuan jarri dira, laguntza eskatzeko. Hori horrela, aurten bitartekari-lanak egingo ditugu.

Dakizuenez, Erregeak nahiko helduak dira dagoeneko eta, ahalik eta segurtasun gehiena izateko, aurten guk emango dizkiegu zuen eskutitzak.

Zuen gutunak jasotzeko, herriko frontoian egongo gara, egun eta ordu hauetan:

  • Urtarrilak 3, igandea: 11:30etik 19:00etara
  • Urtarrilak 4, astelehena: 11:30etik 19:00etara
  • Urtarrilak 5, asteartea: 10:30etik 12:30era

Bizi dugun egoera dela eta, beharrezko segurtasun-neurri guztiak hartuko ditugu eta horiek errespetatzea eskatzen dizuegu.

Frontoian bertan zuen gutunak botatzeko postontzi bat jarriko dugu. Gainera, zuen urte berriko desioak panel handi batean idazteko aukera ere izango duzue.

Gero, Erregeek jasoko dituzte zuen gutunak eta desioak.

Zer iruditzen zaizue?

Etorri frontoira urtarrileko egun horietan eta bertan aurkituko gaituzue.

Besterik gabe, Gabon zoriontsuak izan ditzazuela espero dugu.

                                                                       Txurrumuski KAGE

Kabalgata birtuala egingo da aurten

Osasun-irizpideak kontuan hartuta, aurten ez da egingo ohiko Erregeen Kabalgata jendetsurik, ezinezkoa delako. Horren ordez, ekitaldi birtuala izango da, orio.eus eta karkara.eus webguneetan eta sare sozialetan zabalduko diren bi bideoren bidez:

  • 13:00etan, Bizarzuriren bideoa.
  • 19:00etan, Erregeen kabalgata birtuala.