Udal-ekipamenduak hamabost egunez ixtea erabaki du Udalak pandemiaren egoeragatik

Pandemiaren egoerak okerrera egin du Orion azken egunotan eta, atzoko eta gaurko datuak kontuan hartuta, Udalak hainbat erabaki hartu ditu herritarren segurtasuna zaintzeko. Elkar zaintzeko garaia da eta Udalari arduraz eta zentzuz jokatzea dagokio, egoera kontrolatzeko eta lasaitasuna transmititzeko.

Neurri hauek hamabost egunez izango dira indarrean, bihartik hasita; eta, ondoren, Udalak baloratuko du nola jokatu, egoeraren eboluzioaren arabera.

Hauek dira Udalak hartu dituen neurriak:

  • Udalaren esku dauden kirol eta kultur instalazioak ixtea: kiroldegia, kultur etxea, musika-eskola, euskaltegia, ludoteka, gaztelekua, arraunetxe, pilotalekua, kirol eta kultur elkarteen lokalak…
  • Instalazio horietan ematen diren zerbitzuak, ahal den neurrian, modu telematikoan eskaintzen segitzea. Hori posible ez den kasuetan, Udalak aurrerago erabaki eta jakinaraziko ditu zerbitzuak ez emateagatik aplikatu daitezkeen konpentsazioak.
  • Kaleko igogailuek martxan segituko dute orain arte bezala, baina areagotu egingo dira erabiltzaileentzako segurtasun-neurriak.
  • Haur-parke guztiak ixtea (ikastetxeetako edo inguruko haur-parkeak erabilgarri izango dira eskola-orduetan, baina itxita egongo dira gero, eta asteburuetan ere bai).
  • Merkataritzan, berriro aztertuko dira zenbait establezimendutako aforoak eta, horrez gain, dei berezia egingo zaie herriko merkatariei segurtasun-neurriak zorrotz betetzeko (distantziak, hidrogela…)
  • Osteguneko azokarik ez da egingo datozen bi asteetan.
  • Otsaileko eta martxoko kultur ekitaldiak atzeratzea. Esate baterako, bertan behera geratu da bihar ostirala Arraunetxen egitekoa zen Jon Gurrutxagaren eta Urbil Artolaren kontzertua. Kontzertua data zehatzik gabe atzeratu da eta dagoeneko txartela erosita zutenek txartel hori bera erabili ahal izango dute kontzertua berriro programatzen denean. Data berrian joaterik ez dutenek aukera izango dute ordaindutako dirua berreskuratzeko kultur etxean.
  • Gaur arratsaldean egitekoa den udalbatzarraren bilera ez da presentziala izango, baizik-eta telematikoa.

Udala etengabe dago harremanetan osasun-agintariekin eta gertuko segimendua egiten dio egoeraren eboluzioari, momentu bakoitzean neurri egokienak hartzeko.