Azaroaren hasieratik aurrera udal liburutegiak zerbitzu berria eskaintzen die erabiltzaile guztiei: doaneko internet konexioa Wi-Fi bidez.
Lehendik ere interneten nabigatzeko zerbitzua eskaintzen zuen doan liburutegiak, batez ere 16 urtetik beherako gazteentzat, horretarako jarrita daukan ordenagailuan; baina, orain zerbitzu hori osatze aldera, Wi-Fi sare bat jarri du erabiltzaile guztien eskura.
Wi-Fi sarearen bidez, edozein erabiltzailek du aukera internetera sarbidea izateko bere ordenagailutik, inolako kablerik konektatu gabe eta, beraz, sarean kontsultak egin ahal izango ditu, korreoa jaso eta bidali eta abar. Sarea erabiltzeko, pasahitz bat sartu beharko dute erabiltzaileek, liburutegiko arduradunak emango diena eta, hortik aurrera, konexioa erabat libre eta doanekoa izango dute liburutegiko edozein tokitatik.
Sarea erabili ahal izateko, ordenagailuak Wi-Fi txartela izan behar du. Ordenagailu eramangarri berrienek etxetik ekartzen dute txartel hori instalatuta eta zaharragoetan aparte instalatu behar zaie.