Udalak eta Badihardugu elkarteak hitzarmena sinatu dute, Orioko ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko

Martxoaren 25ean sinatu dute hitzarmena bi aldeek, bitarteko telematikoak erabiliz.

Hitzarmenaren bidez, Orioko ahozko ondarea jaso eta zabaldu nahi dute, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren barruan. Proiektu zabal horren barruan, Orioko ahotsak atala dago eta atal hori sendotu eta aberastuko dute Udalak eta Badihardugu elkarteak hitzarmena sinatuta.

Hitzarmena urtebeterako sinatu dute, baina bi aldeen asmoa da datozen urteotan ere elkarlanean segitzea, herritarren testigantza berriak jasotzen eta guztion eskura jartzen.

Euskal Herriko Ahotsak proiektua

Badihardugu elkarteak urteak daramatza Euskal Herri osoko jendearen testigantzak bideoan eta audioan jasotzen, Bizkaitik hasi eta Zuberoraino. Batez ere adineko jendearen ahotsa erregistratzen dute, beren ahozko ondarea eta hizkera jasotzeko. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da proiektuaren helburu nagusia.

Grabatutako bideoak ahotsak.eus webgunean jasotzen ditu elkarteak, guztion eskura jartzeko. Dagoeneko 6.000tik gora hizlariren jarduna biltzen du eta guztia libre kontsultatzeko moduan dago.

Orioko Ahotsak

Ahotsak.eus webguneak badauka dagoeneko Orioko testigantzak jasotzen dituen atala:

https://ahotsak.eus/orio/

Atal hori sendotu nahi du Udalak hitzarmen honen bidez, oriotarren testigantza horiek transkribatu eta kodifikatuz, batetik, eta testigantza berriak sartuz, bestetik.