Udalak Gaztetxeko segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko lanen bigarren fasea hasi du

2016ko abenduan Orioko Udalak Gaztetxeko eraikina segurtasun eta osasungarritasun baldintzetara egokitzeko lanen bigarren fasea hasi du. Lanek 6 bat aste iraungo dute eta Udalak espero du urtarrilaren bukaerarako amaituta izatea.

Egiten ari diren lanak hauek dira: harrizko hormak sendotu eta dreinatu, emergentziako irteerak egokitu, suteen aurkako neurriak bermatu, argiztapena eta aireztapena hobetu eta komunak egokitu.

Aizperro igeltseritza ari da lanak egiten eta, guztira, 90.000 euro inguruko kostua izango dute.

Zati bat Udalak erabiliko du

Udalak eraikinaren zati bat bere erabilerarako mantenduko du. Hasiera batean Udalak lehen gazteek biltegi gisa eta ia erabilpenik gabe zuten eremua hartu behar zuen (Arozenari pegatuta dagoena); baina gazteek bertan skate-pista kokatu dute eta nahiago izan dute eremu hori Gaztetxeko erabileretarako mantendu aurrealdea baino. Udalak, beraz, aurreko aldea erabiliko du.

Udalak Gaztetxean egindako inbertsioak eta jasotako diru-laguntzak

Udalak honako inbertsioak egin ditu Gaztetxean:

  • Eraikinaren erosketa (2013): 135.975€
  • Argindarraren hartunea (2014): 10.000€
  • Segurtasuna eta osasungarritasuna I. fasea (2015-2016) : 143.703,55€
  • Segurtasuna eta osasungarritasuna II. fasea (2016-2017): 90.000€
  • Guztira inbertitutakoa: 379.678,55€

Lan horiek egiteko jasotako diru laguntzak hauek izan dira:

  • Eusko Jaurlaritzako Gaztedi Sailak (2015): 21.700€
  • Eusko Jaurlaritzako Gaztedi Sailak (2016): 18.854€
  • Guztira jasotako laguntzak: 40.554€