UEMAko beste 29 herrirekin batera sinatu du hitzarmena Udalak.
Hitzarmenaren arabera, bai Laboral Kutxak eta bai Kutxabankek bat egiten dute UEMAren irizpideekin eta lehentasunezko tratamendua emango diote euskarari beren bulegoetan.
Sinadura-ekitaldia uztailaren 19an izan zen Azpeitian eta bertan parte hartu zuten UEMAko lehendakari Josu Labakak, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, Laboral Kutxako Komunikazio eta Publizitate Departamentuko Zuzendari Marije Etxanizek, eta Kutxabank-eko Txikikazko Negozioaren Zuzendari Nagusi Ondoko Eduardo Ruiz de Gordejuelak.
Orioko Udalaren izenean Jose Angel Zaldua alkatea izan zen hitzarmena sinatzen, argazkian ikus daitekeen bezala.
Hitzarmenaren helburua
Hitzarmenaren helburu nagusia Laboral Kutxako eta Kutxabankeko bulegoetan euskararen erabilera zabaldu eta sendotzea da, eta bezeroei bermatzea ahoz nahiz idatziz euskaraz aritzeko eskubidea. Horrez gain, Udalaren eta bi finantza-erakundeen arteko harreman guztiak euskaraz izango direla adostu dute.
Helburu hori betetzeko, besteak beste, honako neurri zehatz hauek hartuko dituzte:
- Bulego hauetako langileak lan mota guztietan euskaraz jarduteko gai izango direla ziurtatuko dute.
- Bezeroari ahoz lehen hitza euskaraz egingo zaio.
- Bezeroari posta elektronikoz bidalitako informazioa euskaraz edo ele bietan bidaliko zaio. Ele bietan bidaliz gero, euskarak lehentasuna izango du.
- Produktu berri bat kontratatzera datorren bezeroari eskaintza euskaraz egingo zaio. Eta Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak eragiketen euskarri diren dokumentuak euskara hutsean eskainiko dituzte, edo ele bietan, horrela eskatuz gero.
- Bezeroentzako zordunketa eta kreditu txartelak, nahiz bestelako txartel guztiak, euskaraz sortuko dira, kontrakoa eskatzen dutenei izan ezik.
- Urtean zehar ematen diren zerbitzu bereziak –errenta aitorpenaren kanpaina, esaterako– euskaraz izan daitezen, beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira langileen zein herritarren eskura.
- Finantza Erakundeek, kanpainen bidez, haien zerbitzuak euskaraz erabiltzeko deia egingo diete bezeroei. Horretarako, urtero sustapen lana egingo dute.
- Kutxazainen pantailetan azaltzen den sarrerako mezu sorta euskaraz izango da.
- Udalerri hauetako kartelen %75 gutxienez euskaraz jarriko dira, bai barrura eta bai kanpoaldera begira. Bulegoek bestelako argitalpenetan egiten duten publizitatea (aldizkari, jai egitarau, eta antzekoetan) euskaraz jarriko da, betiere euskararen kalitatea zainduz. Esku orriak ele bitan egongo dira, euskarari lehentasuna emanda.
- Bulegoetan bertan idatzitako dokumentuak euskaraz egongo dira bezeroak berariaz kontrakoa ez badio.
- Laboral Kutxa eta Kutxabank, hitzarmen honen epe amaiera iristerako, UEMAko udalerrietan, 30 urtetik beherako bezeroei komunikazioak euskara hutsean bidaltzen hasiko dira, eta kontrakoa adierazten dutenei ele bietan, euskarari lehentasuna emanez, orain arte bezala. Prozedura hau txertatu egingo da bezero berriak hartzeko protokoloan.
Hitzarmena bost urterako sinatu dute, eta epe hori beste bost urtez luzatuko da, aldeetakoren batek hitzarmena bertan behera uzteko borondatea azaltzen ez badu.
HITZARMENA SINATU DUTEN HERRIAK
Laboral Kutxarekin eta UEMArekin: 3.
Bera, Etxarri-Aranatz, Leitza.
Kutxabank-ekin eta UEMArekin: 17.
Otxandio, Atxondo, Aulesti, Berriatua, Busturia, Dima, Ea, Alegia, Anoeta, Elgeta, Legorreta, Segura, Zaldibia, Zestoa, Amezketa, Berastegi eta Lizartza.
Laboral Kutxarekin, Kutxabank-ekin eta UEMArekin: 18.
Aramaio, Lekeitio, Ondarroa, Markin-Xemein, Bermeo, Bergara, Azpeitia, Antzuola, Deba, Getaria, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Orio, Usurbil, Zarautz, Zumaia eta Tolosa.