Udalak IRAKURRI, GOZATU eta OPARITU kanpaina abiatu du aurten ere, euskarazko liburuen irakurketa sustatzeko

Euskaltzaleen Topaguneak bederatzi urte daramatza kanpaina hau antolatzen Euskal Herriko hainbat tokitan. Iaz egin zen aurreneko aldiz Orion eta, emaitza ona ikusita, berriro antolatzea erabaki du Udalak. Egitasmoa Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatu dute Orion, Karkara elkartearen laguntzarekin.

Euskal Herri osoko 42 herritan egingo da kanpaina. Urola Kosta eskualdean, Orion bakarrik.

Helburuak

Herritarrek euskarazko liburu gehiago irakurtzea bultzatzen du kanpainak. Gaur egun euskaraz irakurtzeko aukera zabala dute bai haurrek eta bai helduek eta, kanpainaren bidez, oriotarrak bultzatu nahi ditu Udalak, euskarazko liburu horiek irakurri eta gozatzera.

Horrez gain, kanpainak beste bi helburu ere baditu: herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu-dendetan euskarazko liburuen kontsumoa sustatzea.

Hiru pauso: irakurri, gozatu eta oparitu

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko:

Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar duzu: izan daiteke haurrentzako liburu bat edota helduentzakoa.

Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko duzu ondoren: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duzun. Behin fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dizu, %25eko deskontuarekin, Orioko liburu denda batean euskarazko liburu bat erosteko (Karkarako laguntzaile direnek %50eko deskontua lortuko dute).

Oparitu. Azken pausoa erositako liburu hori oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo nork bere buruari.

Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, bi hilabetez

Apirilaren 23an abiatu da IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU kanpaina, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Bi hilabeteko iraupena izango du: ekainaren 30era arte egongo da liburutegian erosketa-txekeak lortzeko aukera eta uztailaren 5era artekoa horiek liburu dendan erabiltzeko.

Liburu denda laguntzaileak

Liburuak saltzen dituzten hiru denda daude Orion eta hirurek hartuko dute parte kanpainan: Ontza liburu denda, Iturain estankoa eta Mauka paper denda.