Udalak obrak egingo ditu liburutegian eta, ondorioz, itxita izango da lau bat astez

Datorren asteazkenean, otsailak 27, itxiko da liburutegia jendearentzat eta hala egongo da obrak bukatu eta liburuak berrantolatu arte. Udalak aurreikusten du lau bat astez egongo dela liburutegia itxita.

Datorren asteartea izango da, beraz, liburuak hartu eta itzultzeko azken eguna. Kontuan hartuta denboraldi batean ez dela liburuak hartzeko aukerarik izango, erabiltzaileek aukera izango dute ohi baino liburu-kopuru handiagoa hartzeko egun hauetan.

Obra, berez, martxoaren 4an hasiko da; baina, apal guztiak hustu behar direnez, egun batzuk lehenago itxiko da liburutegia, liburuak kutxatan sartu ahal izateko.

Obra egiten den bitartean, kultur etxeko kanpoko kutxa ere, maileguak itzultzekoa, itxita izango da.

Haurrentzako txokoa

Egingo den obraren helburu nagusia haurrentzako txoko berria sortzea da. Manparen bitartez itxiko da txoko hori, haur eta gurasoek lasaiago gozatu ahal izan dezaten liburutegiaz, bestelako erabiltzaileei eragozpenik sortu gabe. Haurren txokoak igogailuaren ondoko espazioa hartuko du eta horrek aldaketa eragingo du liburutegiko sarreran. Liburutegira sartzeko, ate automatiko bat instalatuko du Udalak.

Apalategi berriak

Horrez gain, liburutegiko apal guztiak berrituko ditu Udalak. Lehengo apalategiak oso zahartuta eta hondatuta zeuden eta horregatik erabaki du Udalak denak aldatzea.

Lanen kostua

Egingo den obraren kostua, gutxi gorabehera, 25.000 eurokoa da; eta apalategi berriena, berriz, 15.000 eurokoa. Guztira, beraz, 40.000 euro inguru gastatuko ditu Udalak, liburutegia egokitzeko.