Orioko Udalak beste aurrerapauso bat egin du bere jardunean hizkuntza-teknologia berrienak aplikatzeko eta, aste honetatik aurrera, orio.eus webguneko eduki guztiak bost hizkuntza hauetan ere kontsultatu daitezke, euskarazko originalean irakurtzeaz gain: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz.
Hizkuntza horiek dira Elhuyarren Elia itzultzaile neuronalak gaurko egunez itzultzen dituenak. Etorkizunean beste hizkuntzaren bat eransten bazaio Elia itzultzaileari, hori ere eskainiko du Udalaren webguneak.
Udalaren helburua da hizkuntza-teknologiak baliatzea euskaraz hobeto lan egiteko eta, ondoren, udal-edukiak ahalik eta hizkuntza gehienetan eskaintzea, herritar guztiengana iritsi daitezen.
Udal-langileak trebatzen
Udalak eta Elhuyarrek denbora daramate elkarlanean, hizkuntza-teknologia berriek administraziorako dauzkaten aukerak aztertzen eta lantzen. Elkarlan horren barruan, udal-langileek trebakuntza-saio batzuk egingo dituzte urrian eta azaroan, zuzen eta egoki idazteko tresnak erabiltzen ikasteko eta, oro har, testuinguru teknologiko berrira egokitzeko. Trebakuntza-saioen deialdiak harrera ezin hobea izan du eta 24 udal-langilek jasoko dute prestakuntza.