Bidasoko Itzuliaren 3. etapa Orion hasi eta bukatuko da ostiralean

Aurtengo Bidasoko Itzuliak 46. edizioa du eta datorren ostiralean, maiatzak 11, Orion hasi eta bukatuko da 3. etapa.

Goizeko 08:00etatik kirol proba amaitu arte Txanka-Hondartza bidea erabili beharko da Oriotik ateratzeko.

Etapa 14:30ean abiatuko da Herriko Plazatik eta Aritzaga kaletik aterako da N634 errepidera. 131 kilometro egin ostean, berriro Oriora itzuliko da 18:00ak aldera.

Etaparen helmuga Arrantzale kalean izango du. Ziklistak Txanka-Hondartza bidetik iritsiko dira autopista ondoko errotondara eta handik zuzenean joko dute helmugara.

Helmugaratzerakoan karrerako autoak Baxoalde-Palota-Balea kaleetatik desbideratuko dituzte antolatzaileek.

Aparkatzeko mugak

Orioko hainbat kaletan aparkatzeko debekua ezarriko da lasterketa dela-eta:

  • Arrantzale kalea, egun osoan.
  • Abeslari kalea, egun osoan.
  • Herriko Plaza, karrera irteterakoan.
  • Aritzaga, karrera irteterakoan.

Normalean kale horietan aparkatzen dutenek Mendibeltz zelaiaren ondoko aparkalekua edo autopista azpiko aparkalekuak erabili ahal izango dituzte.

Kirol proba ikustera hurbilduko diren guztiei eskatzen diegu zorrotz betetzea antolatzaileek emandako aginduak, dena ondo atera dadin eta arazorik ez izateko.