2021eko aurrekontua 9.081.770 eurokoa da. Abenduaren 16an Udal Elkartearen egoitzan egindako Batzar Nagusian onartu dute Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako zinegotziek. Aurrekontuak EAJko eta Elkarrekin Podemoseko hautetsien eta PSE-EE alderdiko hiru zinegotziren aldeko botoekin onartu dituzte. EH Bilduko hautetsiek aurka bozkatu dute eta PSE-EEko zinegotzi bat abstenitu egin da.
Lourdes Salsamendi presidenteak eman zituen atzo xehetasunak hedabideen aurrean eskainitako prentsa-agerraldian. Azaldu zuenez, «Hiru funts nagusi betetzera bideratuko da aurrekontua: ehun ekonomikoaren babesa eta enpleguaren sustapena, hondakin kudeaketa egokia eta Urola Kostako etorkizuneko zimendu eta proiektuen garapena».
«Salbuespenezko aurrekontuak dira Covid-19ari aurre egiteko neurriak hartzen baititu barne. Eraldaketa sozioekonomiko izugarriak ari gara bizitzen eta ezinbesteko da erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna areagotzea. Covid-19ak eragindako pandemia dela eta, sarrerak murriztu diren arren, inbertsio publikoa eskualdearen traktore izatea dugu jomuga, ingurune sozial zein ekonomikoa berreskuratu artean».