Urtarrilaren 30eko greba orokorra babesten duen ebazpena onartu du udalbatzarrak

2019ko abenduaren 26ko udalbatzarrak EH Bilduk aurkeztutako ebazpen-proposamena onartu zuen (ikusi udalbatzarraren akta). Ebazpen horren bidez, udalbatzarrak atxikimendua adierazi zion ostegun honetarako deitutako lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko grebari.

Hau da udalbatzarrak onartutako ebazpenaren testua:

LAN-PENTSIO-BIZITZA DUINA. URTARRILAK 30, GREBA OROKORRA

Lan-pentsio-bizitza duinaren aldeko greba babesteko ebazpen-proposamena.

Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte-hartzaile baten bidez. Orduz geroztik eskubide horien aldeko ekimenak antolatu dituzte.

Bestetik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu dute, beren aldarrietatik harago joateko asmoz.

Orain, aipatutako planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia gertatu da —pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia— lan-baldintza, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokari aurre egiteko.

Konbentzimendu hirukoitz batek batu ditu: batetik, pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan-baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira. Finean, bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez.

Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka, jendartearen beharren araberako antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea…).

Horregatik, Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Aldarrikapen Taularekin bat eginez, ondorengo ebazpen-proposamena aurkezten dugu.

EBAZPEN-PROPOSAMENA

Horiek horrela, Orioko Udalak

1.- Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko grebari atxikimendua adierazi nahi die.

2.- Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak emango dizkie erakundeko langileei.

3.- Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimenduarekin batera adostutako Aldarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik

3.1. Madrilen osatuko den Gobernuari eskatzen dio:

  • 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea.
  • Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea.
  • Presazko izaeraz Gizarte Segurantzaren eta Enplegurako Politika Pasiboen gaineko eskumenak transferitu ditzala.

3.2. Gasteizko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die:

  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela.
  • Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiatu ditzatela.
  • Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa estatu mailako hitzarmenen gainetik lehenetsiak izan daitezen sustapen-lana egin dezatela.
  • Lanera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea.
  • Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza-planak abiatzea.
  • Lan-harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiatzea.

3.3. Erkidego eta Lurraldeko Gobernuei eskatzen die:

  • Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela.
  • Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.
  • Soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiatzea.
  • Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
  • Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
  • Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
  • Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.

4.- Orioko Udalean adostutako ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Lurraldeko Gobernuari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie.