Xabier Lizaso eta Andoni Egañaren ikuskizun berria Orion, otsailaren 20an

Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak eta Andoni Egaña bertsolariak ikuskizun berria prestatu dute, ‘Garai hura gara’ izenekoa, eta Orioko kultur etxean aurkeztuko dute otsailaren 20an, 22:00etan.

Xabier Lizasok eta Andoni Egañak arrakasta handia izan zuten beren aurreko ikuskizunarekin (‘Bi arreba’ izenekoarekin) eta orain estilo bertsuko saio berria prestatu dute, piano-musika, bertsoak eta anekdota historikoak txirikordatzen dituena. Orion ‘Bi arreba’ ikuskizuna eman zutenean, 2013ko udaberrian, aretoa bete-bete egin zen eta pentsatzekoa da orain beste horrenbeste gertatuko dela. Sarrera doan izango da; baina, aretoaren aforoa mugatua denez, Udalak 120 gonbita jarri ditu eskura kultur etxean eta ikuskizunera joan nahi dutenek horietako bat hartu beharko dute, bertan eskatuta. Arin ibiltzea komeni.

18. eta 19. mendeetako musika, bertso eta istorioak

Ikuskizun honetan 18. eta 19. mendeetako giroaren eta kultur joeren berri eman nahi digute Lizasok eta Egañak. Europan, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Amezketan… kultura nola bizi zen egunotara ekartzea da helburua.
Xabier Lizasok Larrañaga, Gamarra eta Osinaga konpositoreen musika ekarriko du. Baita Peñaflorida Kondearen hainbat obra ere: ‘Sententziatu dute’, ‘Aita gurea’, ‘Irten ezazu’… eta zortzikoren bat. Andoni Egaña bertsolariak Fernando Amezketarraren lana ekarriko du gogora, batez ere; baina beste bertsolari eta kultur erreferenteak ere aipatuz: Txabolategi, Zabala, Samaniego…

Saioa 22:00etan hasiko da

Ostiraletako azken aldiko saioak beranduxeago hasi ohi dira; baina oraingo honetan ordu erdi aurreratzea erabaki du Udalak eta, beraz, 22:00etan hasiko da ikuskizuna.