Zaragueta eskolak bazkari batekin emango die bukaera 40. urteurreneko ekitaldiei

Zaragueta eskola orain dela 40 urte hasi zen klaseak euskaraz ematen eta, urteurren hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu ikasturtean zehar.

Ekitaldi-programa horri bukaera emateko, herri-bazkaria antolatu du eskolan bertan apirilaren 21ean, larunbatarekin.

Bazkaria eta festa

Bazkaria Zaragueta eskolako pilotalekuan egingo da eta menua hau izango da: babarrunak sakramentu guztiekin eta postrea (gazta eta irasagarra). Edateko, sagardoa egongo da barrikatik.

Bazkaria festa-giroan egiteko, Benta Zaharreko Mutiko Alaiek girotuko dute eguna: bai bazkalaurreko kantu-poteoaren bidez (11:30ean, herritik eskolara), eta bai bazkalosteko kantu festaren bidez.

Bazkaritarako txartelak astelehenean, martxoak 26, jarriko dira salgai 7 eurotan. Txartela erosteko lekuak hauek dira: Zaragueta Herri Eskola, kultur etxea, Uranga burdindegia eta Kolon Txiki taberna. Txartela erosteko azken eguna apirilaren 16a izango da.

Eskola-komunitate osoari gonbita

40. urteurreneko batzordeak antolatu du bazkaria eta bertara gonbidatu nahi ditu azken berrogei urteotan eskola-komunitatearen parte izan diren ikasle, guraso, irakasle, langile eta laguntzaileak.