Datorren larunbatean, uztailak 8, zine-emanaldia izango da hondartzan, 22:15ean hasita, udako kultur programazioaren barruan. ‘Igelak’ filma proiektatuko da, euskaraz.
Udalak lau film programatu ditu aurtengo udan eta larunbatekoa lehenbizikoa izango da.
Sarrera doan da.
Komedia arina euskaraz
‘Igelak’ komedia bat da. Gorka Otxoa da aktore nagusia; baina beste euskal aktore ezagun asko ere agertzen da bertan: Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia, Mikel Losada, Ramon Agirre…
Zuzendari eta gidoilaria Patxo Telleria da eta musika Iñaki Salvadorrek egin du.
Pello (Gorka Otxoa) banku sukurtsal bateko zuzendaria da eta delitu ekonomikoengatik atxilotu dute. Bere nagusiak ere inplikatuta dauden arren, bakarrik utziko dute justiziaren aurrean. Salduta dagoela konturatzen denean, ihes egitea erabakiko du.
Dirurik eta dokumentaziorik gabe, familiarik eta lagunik gabe, Pellok bere identitatea ordezkatuko du, ezkutuan jarraitu ahal izateko.
Nortasun faltsu horrekin etxegabetuen elkarte batek okupatutako etxe batean topatzen du babesa. Lagun berrien konfiantza bereganatzen saiatzen da, asmo bakar batekin: haien diruaz jabetu eta atzerrira alde egitea.