Urola Kostako Udal Elkarteak dei egiten die eskualdeko enpresei, HAZILAN programan parte hartzeko

Urola Kostako Udal Elkarteak 4. aldiz antolatu du HAZILAN programa, honako helburuarekin: eskualdeko gazte kualifikatuak eta eskualdeko enpresa, erakunde eta ikastetxeak harremanetan jarri eta elkarlana bultzatzea, marketin digitalari lotutako proiektuak garatzeko.

HAZILAN programan parte hartu nahi duten enpresen bila dabil orain Urola Kostako Udal Elkartea.

Marketin alorreko prestakuntza eskualdeko gazteentzat

HAZILAN programan parte hartzen duten gazteek 200 orduko prestakuntza jasoko dute MARKETIN DIGITALAREN inguruan, ondoren ezagutza horiek enpresa-proiektu batean praktikan jartzeko.

Beraz, eskualdeko enpresei jakinarazten zaie, gai hori landu nahi badute, eskualdeko gazte edo gazte-talde baten laguntza eta aholkularitza espezializatua izan dezaketela HAZILAN programaren bidez (programa hau enpresa eta erakunde parte hartzaileentzat %100 diruz lagunduta dago eta gazteek Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzatik lan egingo dute). Lan hauetakoren bat egiteko baliatu dezakete programa:

  • Marketin digitaleko plana garatu
  • Enpresaren sare sozialen estrategia garatu eta SEO/SEM posizionamendua hobetu
  • Enpresaren bloga garatu
  • E-maila marketina, zozketak eta online publizitatea
  • Online komunikazioaren legediaren jarraibideak
  • Etab.

Proiektuak irailetik abendura garatuko dira eta Udal Elkarteak izendatutako koordinatzaile baten laguntza izango dute.

Zuen enpresan proiektu berri bat abian jarri edo martxan duzuen bati bultzada eman nahi badiozue, jarri Udal Elkartearekin harremanetan.

Argibideak eta izen-ematea

Argibideak jaso edo izena emateko, jarri harremanetan Udal Elkartearekin:

Aintzane Ruesgas/ Vanessa Garcia (Urola Kostako Udal Elkartea)

Tel. 943890808

hazilan@urolakosta.eus

17 enpresak hartu du parte orain arte HAZILAN programan

Orain arte 3 edizio egin dira: bi 2016an eta bat 2017ko lehen hiruhilekoan. Guztira, 47 gaztek parte hartu dute (22 emakume eta 25 gizon). Lehendabizi konpetentzia sozioprofesionalak landu dituzte eta, ondoren, enpresetan laneratzeko prozesuak egin dituzte (praktikak, prestakuntza lanpostuan…), eskualdeko nahiz Gipuzkoako beste eskualde batzuetako enpresetan. Honako enpresa hauek parte hartu dute lehen hiru edizioetan:

  • Pavitec 2000 SLU,
  • Ongi Mecanizados en Madera SL
  • Aner Sistemas Informáticos
  • Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak S.L.
  • Ad hoc centro de communicacion y marketing SL
  • Dulces Reineta, S.L.
  • Arktelier, arkitekura estudioa
  • Xare
  • Otzarreta Communicación, S.A.
  • Eraman SL
  • Ortzadar ikastetxea
  • Kalexka
  • Begi-bistan, Turismo Zerbitzuak
  • LKS Ingenieria S.COOP
  • Lombok Design SL
  • Euskampus Fundazioa
  • Emaus Fundación Social

Programa operatiboa 2016-2020

HAZILAN proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi zen eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatzen du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (eskualde honetan, Urola Kostako Udal Elkarteak).