Jende asko animatu da Arrantzale Egunean dantza egitera

 

Gaur, ekainaren 12an, San Pedro festetako Arrantzale Eguneko kalejira eta ekitaldi nagusia prestatzeko laugarren entsegua egingo dute parte-hartzaileek gaztetxean. Antolatzaileen hitzetan, «inoiz baino jende gehiago» animatu da aurten, eta oso pozik daude jasotako erantzunarekin. Datozen asteetan beste bi saio egingo dituzte, egun handia iritsi aurretik. 

Arrantzale Egunean, kalejira izango da lehenbizi: 11:00etan abiatuko dira dantzari eta figuranteak, Pello eta Nikolasa erraldoiak eta Salatxo abesbatzako kideak kultur etxetik. 13:15ak aldera iritsiko dira plazara, eta han izango da ekitaldi nagusia, arrantzale eta saregileak omentzeko. 

Herritarren inplikazioa

Aurtengo Arrantzale Egunean bada nobedaderik: aurreko urtetan kanpora eskatu izan den dantzarako zenbait material herrian bertan prestatu dira. Orioko Udalaren enkargua onartu eta Antxon Mendizabal Mendi eskulturagileak prestatu du kaxarranka, Lekeitioko neurriak eta formak eredu hartuta. Aurreko astean egin dituzte lehen entseguak eta egokitzapenetan ari dira orain. 

Kaxarranka dantzariaren arropak, gainera, Ramon Garcia jantzigileak prestatu ditu eta San Nikolas arrantzale-kofradiak ordaindu du lana. 

Azkenik, bateleroen arraunak egokitu ditu Imanol Urkizuk, Orio Arraunketa Elkartean zeuden arraunak egokituta. Arrantzale Egunean ikusiko ditugu guztiak lehen aldiz. 

Arrantzale Eguneko herri-bazkaria

Joan den astean amaitu ziren Arrantzale Eguneko bazkaritako txartelak. 390 bazkaltiar izango dira guztira, eta eguraldiaren arabera, plazan edo frontoian egingo da bazkaria. Ondoren, Bide Batez taldeak eta herriko txarangak animatuko dute arratsalde-iluntzea.