Bi urteko etenaldiaren ondoren, gogotsu hartu ditu herriak aurtengo sanikolasak. Cristina Atorrasagastiri egindako omenaldiarekin hasi genituen jaiak, jendez betetako Herriko Plazan, giro paregabean. Eta egunez egun, programa osorik bete da, parte-hartze zabalarekin.
Haur eta gaztetxoek jolasak eta kirol jarduerak egiteko aukera izan dute, eta herriko gazteek giro ederra jarri dute Herriko Plazan, txosnako jardunaren bueltan. Jubilatuentzako hamaiketakoaz ere ederki gozatu genuen, eta herriko musika taldeek, beste hainbat talderekin batera, plaza erabat bete dute lau egunetan, adin guztietako herritarrak dantzan jarriz.
Pozik ospatu ditugu festak, eta benetan eredugarria izan da guztiok erakutsitako jarrera, elkarrekiko errespetatua oinarri hartuta. Festa giroan ere, herria garbi mantendu daitekeela erakutsi duzue.
Jai Batzordean eta festetan parte hartu duten herritarrek eta eragileek egindako lanari esker, herritik sortutako jaiak ospatu ditugu aurtengoan. Eta horregatik, Udalak eskerrak eman nahi dizkie boluntario gisa lan egin duten guztiei; zuei esker, guztiok disfrutatu dugu. Eta hori izan da, hain zuzen, aurtengo sanikolasen arrakasta.
Erasoen aurrean, erantzun bateratu eta irmoa
Astearte gauean izandako erasoaren aurrean, herritarrek erantzun azkar eta bateratua eman zuten, herrian halako jazarpenek lekurik ez dutela argi utziz eta festek askeak eta gozamenerako izan behar dutela erakutsiz. Udalak ere bat egin zuen erasoa gaitzesteko elkarretaratzearekin.