‘LOMCEri ez!’ lelopeko elkarretaratzea antolatu dute Ikastolako LH3ko gurasoek

Orioko ikastolako LH3ko ikasleen gurasoek deituta, elkarretaratzea egingo da ekainaren 3an, 16:30ean, ‘LOMCEri ez!’ lelopean. Elkarretaratzea ikastola aurreko plazan egingo da eta antolatzaileek dei egiten diete hezkuntza-komunitateko kide guztiei eta herriko eragile guztiei, parte hartzeko.

Honako hau da LH3ko ikasleen gurasoek, elkarretaratzea deitzeko, argitara eman duten oharra:

Orion, 2015eko Ekainaren 1a

Badirudi egun hauetan Eusko Jaurlaritzak LOMCEren baitako Lehen Hezkuntzako 3. mailan diagnostiko frogak eginarazi nahi dizkietela EAEko 30 ikastetxeri.

Froga hauek eragin zuzena dute familia, ikastetxeetako zuzendaritza eta irakasleengan. Gainera, LOMCEren ezarpenean beste pauso bat besterik ez dira, hala nola, jarraian inposatu nahi diren Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Errebaliden aurrerapena.

LOMCEren baitako azterketa hauek hezkuntza konpetentziei erabateko erasoa egiten diete, hezkuntza zentralizatu eta kontrolatzea dute helburu eta sekulako atzerapausoa suposatzen dute arlo pedagogikoan. Are gehiago, oinarrizko hezkuntzan, ikasleen segregazio goiztiarra bideratzen dute eta bertan behera uzten dute bereziki, DBHko Errebalida gainditzen ez duten ikasleen hezkuntza-ibilbidea.

Azken urte eta hilabete luzeetan eta, modu berezian azken asteetan, hezkuntza-komunitateak argi utzi du azterketa hauen aurkako bere iritzia.

Testu inguru honetan, Orioko herri ikastola da, froga hauek LH 3n egiteko aukeratua izan den 30 zentro horietariko bat.

Gu izanik, ebaluazio diagnostiko hauek zuzenean eragiten diguten gurasoak, egoerari aurre egiteko geneuzkan aukerak aztertu eta, gure seme alabei froga hau egin diezaieten ekiditeko, azterketa egunetan gure seme-alabak ikastetxera ez eramatea erabaki genuen.

Baina, diagnostiko froga hori baino haratago, LOMCEren neurriek denongan eragina dutelakoan gaude.

Honekin batera, ezinbestekoa deritzogu lege eta dekretuen gainetik, orain arte ehuntzen joan garen hezkuntza-sistema propioaren garapenean pauso berriak ematea.

Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da hezkuntza komunitateko kide nahiz herriko eragileon babesa eta inplikazioa.

Horregatik, LOMCEri EZ!! lelopean, datorren ekainaren 3an, ikastola alboko plazan arratsaldeko 16:30tan, antolatu ditugun elkarrateratzean parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Besterik gabe, jaso ezazue agur bero bat.

Ikastolako LH 3ko gurasoak.