Udaltzaingoak bulego berria izango du aurrerantzean. Martxoaren 21ean egingo dute aldaketa, eta udaletxeko eraikinetik Eusko Gudariak kaleko 54. zenbakira pasatuko dira. Herritarrek espazioa ezagutu dezaten, ateak irekitzeko eguna egingo dute bezperan, martxoaren 20an, astelehenarekin, eta hilaren 22tik aurrera martxan izango da bulego berria.
Herritarrei zerbitzu hobea emateko aukera izango dute Orioko udaltzainek instalazio berrietan, espazioa gaur egungoa baino handiagoa eta modernoagoa izango baita. Udaltzaingoaren autoentzat erreserbatutako aparkalekuak errotondaren parean egongo dira, Estropalari kalearen hasieran. Udaltzaingoaren arreta-zerbitzuaren ordutegia hau izango da: 7:30-21:00.
Udaltzainen bulego berriaren fatxadan puntuz eta marratxoz osatutako diseinua ageri da. Puntu eta marratxo horiek morse kodean emandako hitzak dira: Orioko Udala, Udaltzaingoa eta Mikel Laboaren Txoriak Txori abestiko pasarteak. Proiektua egin duen arkitekto-etxearen proposamena izan zen fatxada horrela apaintzea.
Ateak irekita
Herritarrek instalazio berriak bertatik bertara ezagutu ahal izateko, ateak irekitzeko eguna izango da datorren astelehenean, martxoak 20. 10:00-13:00 eta 17:00-20:00 artean bisitatu ahal izango dira instalazioak, eta hainbat udaltzain izango dira bertan, bisitarien zalantzak argitzeko.
Bulego berria, martxan
Ondoren, martxoaren 22tik aurrera, bulego berritik eskainiko du zerbitzua udaltzaingoak. Aste horretan egingo dute lekualdaketa, eta espazio berrira egokitzeko eta zerbitzua erabat aktibatzeko egun batzuk beharko dituztela aurreikusi dute. Martxoaren 27tik aurrera normaltasunez ariko dira bulego berritik.