Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere jabetzako errepideetako txukunketa-lanen barruan, zuhaitzak inausi eta mozteko lanak hasi zituen martxoaren hasieran N-634 errepidearen ertzetan, Usurbildik Txankako errotondarainoko tartean. Lanek beste astebete iraungo dute, eta martxoaren 20tik 24ra ere gauez ariko dira lanean.
Ondorioz, aste honetan, astelehenetik ostiralera, N-634 errepideko galtzada erabat moztuko dute gauero: 22:00ak eta 6:00ak artean. Ordezko bidea AP-8 (Orio–Donostia) errepidea izango da. Lanak Usurbildik Txankako errotondaraino egingo dituzte, baina egunak aurrera, moztutako errepide-zatia murrizten joango dira, ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko.
Eremu horretan bizi diren edo lan egiten duten herritarrek gauero lan egiten den punturaino joateko baimena izango dutela adierazi du Aldundiak. Barkatu eragozpenak.