«Oporrak Bakean» programa harrera-familien bila dabil

 

Euskadiko saharar ordezkaritzak eta Euskal Fondoak Oporrak Bakean programa antolatzen dute eta, programa horri esker, urteak dira 8 urteko haur sahararrak udako hiletan Euskal Herrira etortzen direla. Aurtengo programari begira, haur horiek etxean hartuko dituzten harrera-familien bila ari dira, eta deialdia zabaldu dute.

Programak onura ugari eskaintzen dizkie bertan parte hartzen duten Saharako haur eta familiei. Besteak beste, haur sahararrek aukera izaten dute udan basamortuko baldintza gogorretatik aldentzeko, elikadura orekatua izateko, osasun azterketak egiteko eta kultura eta hizkuntza berriak ezagutzeko. Euskal familientzat, berriz, Mendebaldeko Sahararen eta herri sahararraren egoera ezagutzeko baliagarria da esperientzia eta, gaztetxoen bidez, lehen harremana izaten dute hango hizkuntzarekin eta kulturarekin.

Aurten, 300 haurri ongietorria emateko helburua ezarri du Oporrak Bakean programak.

Interesa duten herritarrek, hemen topatuko dute informazioa. Gainera, ekimenean izena eman nahi duten oriotarrentzat, telefono hau jarri dute eskura: 643 620 438.