Esan Osakidetzari euskaraz jaso nahi duzula osasun-arreta!

Osakidetzak kanpaina bat abiatu du, herritarrek osasun-arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten jakiteko eta, hartara, euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izateko. Oriotarren artean, orain arte, 3.209 lagunek adierazi dute euskaraz nahi dutela harremana Osakidetzarekin (hizkuntza zehaztu dutenen %64,1).

UEMAk herriz herri egin duen lanketaren arabera, 1.586 oriotarrek, ordea, oraindik ez dute adierazi zein hizkuntzatan jaso nahi duten osasun-arreta, eta Udalak dei egin nahi die horiei, euskara aukeratu dezaten Osakidetzarekin dituzten harremanetarako.

Harremanetarako hizkuntza aukeratzea oso erraza da eta bi modutara egin daiteke:

  • Internetez, zure Osasun Karpetan sartu eta Datuak/Datos atalean hizkuntza zehaztuz: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasun-karpeta/ab84-sercon/eu/
  • Osasun-zentroan bertan, harrerako langileari eskatuta.

Osakidetzarekiko harremana euskaraz nahi duzula adierazten baduzu, zure medikuek —eta osasun-profesionalek, oro har— euskaraz hartuko zaituzte eta, horrez gain, aurrerantzean euskaraz jasoko dituzu Osakidetzako gutunak eta jakinarazpenak.

Herritarren eskubidea da osasun-zerbitzua euskaraz jasotzea eta, beraz, erakunde publikoek hori bermatu behar dute. Zenbat eta herritar gehiagok eskatu osasun-arreta euskaraz jaso nahi dutela, orduan eta indar gehiago egingo dugu osasungintza euskalduntzen segitzeko, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu arte.