Udalak herriko erabiltzaileekin adostutako skate-parkearen proiektua onartu du

 

Orioko skate-parkea egokitzeko proiektua abiatu zuen iaz Udalak, herriko erabiltzaileen eskaerari erantzunez. Horretarako, horrelako instalazioak eraikitzen espezializatuta dagoen Javier Labad arkitekto bizkaitarrarekin landu du diseinu berria, eta herriko eta inguruetako erabiltzaileekin kontrastatu du proiektua.

Gaur egun U formako bi skate-eremu ditu Orioko parkeak, bata egurrezkoa eta bestea hormigoizkoa, eta biak daude oso egoera kaskarrean. Lehena kendu egingo du Udalak, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, baina hormigoizkoak baditu ezaugarri berezi batzuk, eta erabiltzaileek mantentzeko eskatu diote Udalari. Horregatik, konpondu eta diseinu berrian txertatuko da U hori, zati horren eta berriaren arteko zirkulazioa bermatuz.

Skate-parkearen instalazio berria lurraren altueran eraikiko da, lur-mugimendurik egin gabe. Azalerari dagokionez, aldiz, gaur egungoak baino eremu zabalagoa hartuko du. Parkearen proiektua, esanda bezala, egina eta onartua dago, eta Udalak aurreikusten du obraren lizitazioa datozen asteetan martxan jartzea.

Saskibaloi-zelaia

Ingurua egokituko dela aprobetxatuz, skate-parkearen alboan dagoen saskibaloi zelaia ere berritzeko asmoa du Udalak. Saskiak eta lurra aldatzeko aukera aztertzen ari da, bi lanak aldi berean egiteko.