Orioko Udalaren adierazpena, herrian gertatutako hilketa matxistaren aurrean

 

Orioko Udalak samina adierazi nahi du atzo izandako gertakarien aurrean. Bizi izan genuena oso lazgarria izan da, eta herrian eragindako kolpea, oso gogorra.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Jendarte osoari eragiten dio, eta atzo gertatutakoa horren adibide garbia da. Horregatik, Udalak, alderdi politiko guztien eta herritarren izenean, babes osoa erakutsi nahi die bi familiei eta egoera gertutik bizi izan duten herritarrei. Horientzat guztientzat, eskura dituen baliabideak jarri ditu Udalak eta jarriko ditu aurrerantzean ere.

Herriak emandako erantzunaren aurreran, errespetuz jokatzeko deia egin nahi du Udalak. Azken orduetan sare sozialen bidez eta komunikabideetan zabaldu diren irudien erabilera oso desegokia izan da, eta horren aurrean, erantzukizunez jokatzea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi dugu. Herritartasuna erakusteko momentua da, eta guztion balioak indarrean jartzekoa.

Udalak hiru eguneko dolua ezarriko du herrian, eta ondorioz, bertan behera utzi ditugu aurreikusitako ekitaldiak.

Herri bezala erantzuteko momentua da, eta horregatik, Orioko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egingo du Udalak gaur, maiatzak 17, 19:00etan Herriko Plazan. Eta era berean, bertaratzeko deia egiten die herritarrei.

Udalak bere gain hartzen du herrian bizi diren pertsona guztien eskubideak bermatzeko ardura, eta beraz, ahalegin horretan jarraituko du, bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo larri honi aurre egiteko.