Bihar hasiko ditu Udalak San Martin ermitarako bidea egokitzeko lanak. Lan hauek egingo dira: ur beltzak jasotzeko kanalizazioa egingo da, herriko sarearekin lotzeko; gas naturaleko hodiak sartuko dira; eta airetik doazen kableak (telefoniakoak eta argindarrarenak) lur azpitik eramango dira.
Orain arte inguru horretako etxebizitzak ez zeuden lotuta herriko saneamendu sare orokorrarekin, eta lan hauen bidez, aukera hori emango zaie bizilagunei.
Lana hiru fasetan egingo du Udalak, eta, lehenbiziko fase honetan, Lizargatetik Aldape-Arteta baserrira bitarteko zatia egingo da.
Kanalizazio-lanak bukatu ondoren, bidea asfaltatuko du Udalak.
Errepidea itxita, ibilgailuentzat
Lehen faseko lanak abuzturako bukatzea espero du Udalak. Obrak egiten diren bitartean, bermatuta izango da oinezkoen pasaera, baina errepidea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat, bertakoentzat izan ezik. Gainerako ibilgailuek, berriz, Txanka-hondartzatik barrena egin beharko dituzte joan-etorriak.
Lanak Eregi enpresari adjudikatu zaizkio eta 435.000 euroko kostua izango dute (BEZik gabe).