Herriko Plazaren inguruko obrei amaiera emango die Udalak udan, oinezkoentzako pasarela jarrita moilan, Bizkarreneko etxearen parean. Lanak astelehenean hasiko dira, eta sei aste iraungo dutela aurreikusten du Udalak. Sei aste horietatik hirutan, trafikoari erabat itxita egongo da pasabidea, eta herriko sarrera-irteerak Txanka-Hondartzatik egin beharko dira.
Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak otsailean jakinarazi zion Udalari moilan oinezkoentzako pasarela egiteko behar zuen kontzesioa ematen ziola. Lanak adjudikatzeko deialdia egin zuen ondoren Udalak, eta proiektua Uzkue Eraikuntzak SL enpresari adjudikatu zaio. Lanek 117.401,71 euroko kostua izango dute.
Obraren konplexutasunagatik, sei aste horietatik hirutan moilako pasabidea trafikoari itxita egongo da. Udalak badaki horrek eragin handia izango duela herriko ibilgailuen eguneroko joan-etorrietan, baina lanak egiteko ezinbestean hartu beharreko neurria izan da; bestela, epeak eta kostuak asko luzatuko zirelako.
Pasarela jarritakoan, guztiz bukatutzat joko du Udalak Herriko Plaza oinezkoentzat jartzeko proiektua.